ZARAUZKO UDALAK ETA KIND SURFEK SURF EGOKITUKO PROGRAMA BERRIA ABIATUKO DUTE EUSKADIKO GIZARTE-ERAKUNDEENTZAT

2025/05/08

2025eko Kirol Egokituaren Euskal Hiriburu izendapenaren testuinguruan, Zarauzko Udala eta Kind Surf erakundea surf egokituaren programa berri bat abiatzen ari dira, aniztasun funtzionala duten pertsonekin lan egiten duten gizarte-erakundeei zuzenduta.

Shelter Surf-ek gauzatzen duen Kind Surf jarraipeneko programak bere gehienezko edukiera lortu du dagoeneko: 24 parte-hartzaile aktibo daude, eta itxaron-zerrendari ezin izan zaio erantzunik eman baliabide faltagatik. Egoera horrek agerian uzten du surf egokitua bezalako jarduerek duten gero eta eskari handiagoa, eta eskaintza zabaltzeko premia larria.

Horren aurrean, Zarauzko Udalak eta Kind Surf-ek programa osagarri bat antolatu dute maiatzetik ekainera, ostiral arratsaldeetan, surf egokituko saioekin. Saio hauek Kind Surf-en programa arruntari eragin gabe egingo dira, eta Euskal Herriko hainbat erakunderi irekita egongo dira, besteak beste AGIFES eta GAUTENA, honako helburu hauekin:

•    Surf egokituak eta surf terapiak eskaintzen dituen onurak ezagutaraztea.
•    Zarautz horrelako jardueretarako erreferente bihurtzea.
•    Lankidetza berriak sustatzea Euskadiko gizarte-eragileekin.

Lankidetza espazio berri honek Kind Surf ekimenaren inpaktua handitzea du helburu, aniztasun funtzionala duten pertsona eta familiengana iristeko, eta aisialdi inklusiborako sare eta baliabide komunitarioak sendotzeko.

“Surf egokituak bizitzak eraldatzen ditu. Zarautz horren adibide izan dadin nahi dugu, oztopoak gaindituz eta inklusiorako aukera errealak sortuz kirolaren bidez. Eta horretan are indartsuago goaz aurten, Kirol Egokituaren Euskal Hiriburua garen aldetik”, adierazi du Inaxio Illarramendi Zarauzko Udaleko Kirol zinegotziak.

Aritz Aranburu surflariak eta Kind Surf ekimenaren sortzaileak zera gaineratu du: “Kind Surf-en benetan sinisten dugu itsasoak eta surfak duten botere eraldatzailean, ongizatea eta inklusio-aukerak sortzeko. Programa berri hau aukera paregabea da gure ateak entitate sozial berriei irekitzeko eta haiekin surf terapiaren onurak elkarbanatzeko. Kind Surfek gure komunitatean duen eragina zabaltzen jarraitzeko ilusioz gaude, Zarauzko Udalaren laguntzarekin eta kirola guztiontzat izan daitekeela eta izan behar duela uste duten pertsona guztien eskutik”.

Ekimen honek Zarauzko Udalaren konpromisoa berresten du: kirola irisgarria, inklusiboa eta eragin sozialarekin eraikitzea, Kirol Egokituaren Euskal Hiriburutzaren espirituari erantzunez.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude