Urola Kosta Urola eskualdeko bost udalerriek 53.000 euro baino gehiago jasoko dituzte Estatutik.
Gloria Vázquez Zarauzko Berdintasun zinegotziak oso albiste ona dela uste du Udalak 23.160 euro izatea genero indarkeriaren aurkako jarduerak finantzatzeko. Urola Kosta eskualderako laguntza 53.316 eurokoa da guztira (Aia 4.759, Orio 8.256, Getaria 5.413, Zumaia 11.726 eta Zarautz 23.160 euro). Funts hauekin finantzatutako programek 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era arteko gauzatze-aldia hartuko dute. Hau da Espainiako Gobernuak genero-indarkeriaren aurkako Estatu Ituna garatzeko udalei egindako ekarpena, 891.542 eurokoa Gipuzkoarentzat.
Gloria Vázquezek azaldu du bere sailak laguntza hauen bidez honako hauek finantzatu dituela: erakundeek pandemian indarkeria matxistaren biktimei ematen dieten arretari buruzko azterlana, azaroaren 25eko haurtzaroan sexu abusuei eskainitako jardunaldiak eta, baita ere, indarkeria matxistaren biktimei laguntzeko udalak eskaintzen dituen baliabideei buruzko informazio-kanpaina. Gainera, eskaera handia duen aholkularitza psikologikoa indartu egingo da.
«Garrantzitsua da genero-indarkeriaren aurkako borrokak baliabideak izatea», adierazi du Vázquezek, eta nabarmendu du Espainiako Gobernuak iazko ekitaldiko laguntzen bikoitza bideratu duela toki-erakundeetara, hau da, 20 milioi eurotik 40ra igo du gure gizartean dagoen «arazo handi» horren aurka borrokatzeko.
Funtsak udalei bideratzearen garrantzia nabarmendu du, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direlako, eta, horregatik, baita indarkeria jasaten duten emakumeengandik ere. «Hala, Pedro Sanchezen gobernuaren estrategiak, zalantzarik gabe, indarkeria horren aurkako borroka bultzatzen du, arreta eta detekzio-zerbitzuak hobetzeko aukera ematen baitu, berdintasunean hezteko eta prestatzeko tailerren eta kanpainen garapena ahaztu gabe. Horrela bakarrik jarri ahal izango dira abian emakumeen eta beren seme-alaben bizitza eta eskubideak bermatzeko neurriak».
Berdintasuneko zinegotziak nabarmendu nahi izan du herri askok ez dutela aholkularitza juridiko eta psikologikoa tratu txarrak jasan dituzten pertsonei laguntzeko, Zarautzek duen bezala, eta hori «pairatzen duten emakumeei laguntzeko eta matxismoarekin amaitzeko aldaketa sozialak bultzatzeko dugun konpromisoaren beste adibide bat da». Aholkularitza jasotzeko eskaera Emakumeen Etxean egiten da, bai aholkularitza juridikorako bai psikologikorako, eta aholkularitza espezialistek ematen dute.Era berean, gogora ekarri du «Emakumeen Etxea sarrera bat eta erreferentzia bat dela indarkeria matxista pairatzen duten emakumeentzat, eremu honetan laguntza gune irisgarria ikusten baitute. Behar izanez gero laguntza eskatzera etortzeko urratsa ematera animatu nahi ditut».
Azkenik, Zarautz eta bere Emakumeen Etxeaz “harro” dagoela dio, eta bertatik «emakumeekin lan egiten dugu herritarrak berdintasunean eta askatasunean bizi daitezen, indarkeria matxistarik gabe».