BERDINTASUN DEPARTAMENTUAK MENOPAUSIARI BURUZKO JARDUERA-PROGRAMA ANTOLATU DU, ZARAUZKO ANBULATORIOKO EMAGINEKIN LANKIDETZAN

2025/05/09

Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak menopausiaren garaian emakumeei informazioa, laguntza eta ahalduntzea emateko diseinatutako hainbat jarduera antolatu ditu. Jarduera horien artean daude hitzaldi bat, Zarauzko anbulatorioko emaginek zuzendutako lau saioz osatutako tailer bat eta Modelo Aretoko ikuskizun bat, autozainketa, osasuna eta ongizate emozionala sustatzeko bizi-etapa honetan.

Jarduera horiek datozen asteetan zehar garatuko dira, eta elkarrizketarako eta laguntzarako gune ireki bat eskaintzea dute helburu, beren bizitzako etapa honetan emakumeen osasuna, ongizatea eta autoestimua sustatuz.

“Menopausia prozesu natural gisa ikusarazi nahi dugu, eta baliabideak eta laguntza eskaini nahi dizkiegu emakumeei, informazioarekin eta konfiantzarekin aurre egin diezaioten”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak). “Menopausia tabu izateari eta ezkutatu beharreko zerbait izateari utz diezaion ere lagundu nahi dugu. Biztanleriaren erdiak biziko du fase hau bere bizitzan, eta normalizatu egin behar dugu”.

Programari hasiera emateko, Nutriventurako Aintzane Etxeberriak “Menopausia erosoa nutrizioaren bidez” hitzaldia emango du. Hitzaldia maiatzaren 14an izango da, 18:00etan, Emakumeen* Etxean. Bertan, menopausiak eragiten dituen aldaketak eta sintomak aztertuko dira, baita dieta egoki batek ondoez horiek arintzen nola lagun dezakeen ere, osasuna babestuz eta gaixotasunak urrunduz.

Tailerraren izenburua, aldiz, “Autozaintza menopausia aurreko eta menopausiako etapan” da. Etapa garrantzitsu honetan dauden emakumeei zuzendutako tailerra lau ostegunetan jarraian egingo da, maiatzaren 21ean hasita, 18:00etatik 20:00etara. Emagin talde batek eskainiko du, horien artean Nerea Medieville, Begoña Ugarte, Maddi Esnaola, Beatriz Rubio, Alazne Korro, Irati Del Rio eta Elisa Fernández. Tailerraren helburua autozainketa-jarduerak sustatzea, aldaketa hormonalak ulertzea eta zahartzeari bizi-kalitate handiagoarekin aurre egitea da. Gainera, emakumeak beren sexualitatean, afektibitatean eta autoestimuan ahalduntzea bilatzen du, etapa horretan emakumearen kontzeptuaren gainean aldaketa kulturala eta soziala sustatuz.

Jarduera sorta honi amaiera emateko, “Klimaterioa” izeneko ikuskizuna programatu da Modelo Aretoan. Ekainaren 12an izango da, 19:00etan. Antzezlan honetan, klimaterioarekin topo egiten duen emakume baten ibilerak kontatuko ditu klimaxera iristeko autobidearen bila doanean, bakarrizketa (Kaitin Allende) eta bertsoak (Oihane Perea eta Irati Anda) konbinatuz elkarrizketarako bidea egiteko.

“Ekintza hauetan parte hartzera animatzen zaituztegu! Emakumeen* Etxearekin harremanetan jar zaitezkete edo gure webgunea bisitatu izena eman eta informazio gehiago lortzeko”, gehitu du Berdintasun zinegotziak.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude