PRENTSA OHARRA: ZARAUTZ EREMU TENTSIONATU IZENDATZEA ESKATU DU PSE-EEK, ETXEBIZITZA BEHATOKIAREN AZKEN TXOSTENA ARGITARATU OSTEAN

PSE-EEk Zarauzko Udaleko etxebizitza sailari eskatu dio beharrezko urratsak berehala eman ditzala Zarautz udalerria osorik eremu tentsionatu izendatzeko, gaur Etxebizitza Behatokiak argitaratutako azken txostenaren ondorioak kontuan hartuta. Lehen aldiz, Zarautzek baldintza guztiak betetzen ditu udalerri osoa eremu tentsionatu izendatua izan dadin.
Eremu tentsionatu izendapenak aukera emango luke alokairuen prezioak mugatzeko eta etxebizitzaren garestitzea geldiarazteko neurri eraginkorrak aplikatzeko, batez ere gazte eta langile familiei lagunduz.
Udalbatzak joan den otsailean PSE-EEk aurkeztutako mozioa onartu zuen, eta bertan Udal Gobernuari eskatzen zitzaion Zarautz eremu tentsionatu izendatzeko eskaera egin zezala.
“Alderdi sozialistak bultzatuta mozioa onartu ondoren, eta Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailaren txostena mahai gainean dugula, ez dago aitzakiarik: Zarautz eremu tentsionatu izendatu daiteke eta hala izan behar du”, adierazi du Inaxio Illarramendi bozeramaile sozialistak.
PSE-EEk gogorarazi du Etxebizitza Legeak ezartzen duela, baldintza teknikoak betetzen direnean, administrazioek derrigor jardun behar dutela. “Izendapen hau funtsezkoa da Zarautzen etxebizitza duina izateko eskubidea bermatzeko. Ez dugu nahi hau bertan behera geratzea, behar beharrezkoa da zarauztarrentzat”.
PSE-EEk eskatzen du, onartutako mozioak zioen moduan, Udaleko etxebizitza sailak eskaera formala berehala bidal diezaiola Eusko Jaurlaritzari, legeak ezartzen duen moduan.
Era berean, izendapenak eskaintzen dituen tresnak aplikatzeko konpromisoa har dezala eskatzen du: alokairuak kontrolatzea, etxebizitza publikoen parkea handitzea eta etxebizitza hutsak alokairuan jartzen laguntzea.
“Ezin dugu utzi Zarautzen bizitzea gutxi batzuen luxu bihurtzea. Orain da momentua jarduteko”, amaitu du Illarramendik.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude