ZARAUTZEK ESKOLA KIROLAREN ALDEKO APUSTUA BERRETSI ETA LARUNBAT HONETAN HONDARTZAN ARGAZKI KOLEKTIBO BAT EGITEKO DEIA EGIN DU

2026/02/19

Zarauzko Udalak, herriko ikastetxe eta kirol elkarteekin batera, babes irmoa adierazi nahi dio publikoki herrian historikoki garatu den kirol-aniztasunaren ereduari. Horretarako, otsailaren 21ean, goizeko 11:15ean, eskola kirolaren alde hondartzan (Gurutze Gorriaren parean) egingo den argazki kolektiboan parte hartzeko deia egin die herritarrei. 

Azken arau-aldaketak direla eta, Zarauztik kalitatezko eredu anitz eta integral baten aldeko mezua indartu nahi da, izan ere, urteetan zehar eskaintza hori eraginkorra, ekitatiboa eta onuragarria izan da. Era berean, Zarauzko eredu horrek lesio bide izan ohi den espezializazio goiztiarra ekiditen du, eta, bere ordez, adinari eta ezaugarriei egokitutako edukiekin ikaskuntza mailakatua jasotzen du haurrak.

Horri esker, gaitasun teknikoak, fisikoak, erabaki-hartzea eta ulermen taktikoa garatzeaz gain, adiskidetasuna, errespetua eta ahalegina bezalako balioak barneratzen dituzte haurrek, bizi-ohitura aktibo eta osasungarriak sustatuz.

Kirol-aniztasunaren inguruko azken hamarkadetako jardunak eta ikerketek argi egiaztatu dute eskola kirolak ez duela soilik pertsona kirolari trebe bilakatzen, baizik eta etorkizunerako pertsonen oinarria dela, bai jarduera fisikorako, bai errendimendurako, eta baita goi-mailako kirolariek beren bidea egin ahal izateko ere.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude