2026/02/19
Larunbat honetan, otsailaren 21ean, arkamurka edo artelatzen landaketa egingo da herritarrekin batera Gesoerrekan. Landatuko diren zuhaitzak 2023ko udazkenean Gesoerreka basoan herritarrekin bildutako ezkurretatik hazitakoak dira. Zuhaitz landaketa honen bidez, jarraipena eman nahi zaie aurretik egin diren leheneratze-lanei. Horregatik, ekintza honetan parte hartzera gonbidatuak daude zarauztarrak. Landaketa egiteko txangoa Vista Alegre parkeko Torreoitik abiatuko da goizeko 10:00tan.
Ekimen honetan parte hartzeko izen ematea gauzatu beharko da:
- Telefonoz: 943 00 51 09
- Posta elektroniko bidez: zarautz@eraztunberdeurdina.eus
- Instagram bidez: @eraztunberdeurdina
Gesoerreka basoa gure herrian dagoen baso eremu garrantzitsu bat da, artelatz zuhaitzez (Zarautzen Arkamurka izenaz ezagutzen direnak) osatua. Europako Natura 2000 Sarearen babesguneen barruan aurkitzen da, Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan hain zuzen. “Zarauzko Udaleko Ingurumen Sailak hiru lursail erosi ditu inguru honetan arkamurka basoak lehengoratzeko, bertako biodibertsitatea mantentzeko, hobetzeko eta, aldi berean, Zarauzko baso-masa handitzeko. Espazio berdeak areagotuz klima aldaketaren aurka borrokatu nahi da, eta era berean, konektagarritasun ekologikoa areagotu nahi da ondoan dagoen Zingira basoarekin korridore ekologiko bat sortuz”, azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Eraztun Berde Urdinaren zinegotzi arduradunak. “Honez gain, Gesoerrekako eremua Zarauzko Eraztun Berde Urdinean integratuko litzateke, herritarrei naturara hurbilarazteko aukera gehiago eskaintzeko eta pertsonen osasun, ongizate zein bizi kalitatea hobetzeko”.
2019ko urrian hasi ziren Gesoerrekako arkamurkak berreskuratzeko eta lehengoratzeko lanak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak diruz lagunduta. Lehengoratze lan horietan, espezie exotiko batzuk (batez ere itsinis pinua eta sasiakazia) kendu eta hauen ordez arkamurkak (Quercus suber), haritz arruntak (Quercus robur), ametzak (Quercus pyrenaica) eta gurbitzak (Arbutus unedo) landatu dira.
Lan horiez gain, herritarrekin eta eskolekin batera ere zenbait ekintza egin dira Gesoerrekan berreskuratze lan horiei bultzada emateko asmoz:
- 2023ko otsailean ospatu zen Zuhaitz egunean, La Salleko LH5 mailako ikasleekin batera, guztira 100 zuhaitz eta zuhaixka landatu ziren. Horrez gain, egun horretan, ikasleek aukera izan zuten biodibertsitatearen eta basoaren garrantzia ikasteko, eta Gesoerrekako arkamurka basoak lehengoratzeko lanak bertatik bertara ezagutzeko.
- Bestalde, 2023ko udazkenean, herritarrekin batera, Gesoerreka basoan ezkurrak bildu ziren, guztira 14 Kg ezkur, gero landatzeko asmoz. Diputazioaren mintegian hazi dira ezkur horiek, eta jada landatzeko adinako tamaina hartu dute landareek. Landare horietako batzuk Zingira basoan landatu ziren 2024ko urtarrilean, herritarrekin batera. Beste asko, ordea, landatu gabe geratu ziren, eta horiek dira, hain zuzen, larunbat honetan Gesoerrekan landatuko direnak.
“Orain arte egin den lan guztiari jarraipena ematea ezinbestekoa da hasieran ezarritako helburuak betetzeko, eta horregatik larunbateko ekintzan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, denon parte hartzearekin Gesoerrekako artelatz-basoak berreskuratzea lortu dezagun”, gehitu du Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.

