2024/09/24
Pasa den astelehenean, irailaren 16an, hasi ziren 2024/25 ikasturteko areto ikastaroak. Urrian hastekoak direnak kontuan hartuta, aurten, 983 areto ikastarogile ariko dira 46 ikastarotan, joan den urtean baino %11,2 eta %12,2 gehiago, hurrenez hurren. Gainera, kiroldegiko bazkide kopuruak ere nabarmen egin du gora aurreko urteko irailarekin alderatuz; ia 500 bazkide gehiago daude, 8.300etik gora izanik guztira.
“Ikasturte honetan udal programak mantentzeaz gain, egun eta ordutegi gehiagorekin indartu nahi izan da. Legegintzaldi honetako helburu bat da gazteei, adinekoei eta aniztasun funtzionala duten pertsonei kirola egitea erraztea”, azaldu du Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Kirol zinegotziak. “Aniztasun funtzionala dutenek, adibidez, monitore batekin egunero dute Aritzbatalden kirola egiteko aukera. Honek guztiak bat egiten du Udalaren kirol ikuspegi eta politiken lerroekin”.
Pertsona nagusiei eskainitako saioak urriaren 1ean hasiko dira, Adineko Pertsonen Nazioarteko Egunean hain zuzen. Egun hori baliatuta, irailaren 30etik urriaren 6ra, Udal Kirol departamentuak doan sartzeko aukera eskainiko die 65 urtetik gorako zarauztarrei. Kiroldegia erabiltzeko ordutegia honakoa izango da: 08:30-11:00 / 17:00-21:30. Ordutegi jakin hori da Aritzbatalden fitness begirale zerbitzua dagoen ordutegia, eta entrenatzaile pertsonalaren aukera baliatu dezake gerturatzen den orok.
Azkenik, 16 urtetik gorako erabiltzaileei dagokionez, nahi izanez gero, zerbitzu horren ordutegian spinning birtuala eta fitness eremua ezagutzeko tailerrak eskuragarri dituzte. Nabarmendu nahi da emakumeei espreski zuzendutako saioak daudela, emakume kirolari ahaldunduari erreferentzia zuzena eginez eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Emakumeak Mugimenduan programaren barruan.
Horietako bakoitzaren inguruko informazio gehiago nahi duenak edota bestelakoetarako 943.00.51.23 telefonora jo dezake.