2022/07/07
Uda garaia, Zarauzko hondartzaz gozatzeko garairik onena izaten da. Zarauztarrak zein bisitariak betetzen dugu hondartza eta horrekin, hondakin kopurua ere handitzen da. Foru Aldundiak egunero garbitzen du hondartza, baina berriro egunean zehar geratzen diren zaborrak itsasoak eramaten du marearekin, gure itsasoa kutsatzen. Zabor hauen artean % 35koa plastikoak dira eta % 30 inguru zigarrokinak.
“Zigarrokin bakar batek 10 litro itsasoko ur eta 50 litro ur geza kutsa ditzake. Egunero, hondartzan ehundaka zigarrokin botatzen direla pentsatzen badugu, egunero milaka litro kutsatzen ari garela konturatzen gara”, azaltzen du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Munduan, kalkulatzen da, 5 biloi zigarrokin botatzen direla naturan. Datu hauekin uler dezakegu arazoaren magnitudea”.
Zigarrokin baten osagai nagusia Zelulosa azetatoa da eta, baita ere alkitrana, nikotina, artsenikoa, nikela eta kadmioa bezalako osagaiak, beste konposatu kaltegarri askoren artean. “Elementu arriskutsu guzti hauek itsasoan bukatzen dute bertan dauden arrainak pozoitzen eta ondorioz, gu gizakiok ere, arrain horiek gero jaten ditugu eta” gehitu du Vazquezek. “Arazoaren tamaina ikusita, onena da herritarrei hondartzan ez erretzeko eskaera egitea da eta erretzen bada, gutxienez, zigarrokinak ez botatzea”
Eskaera honekin laguntzeko, 1.500 hautsontzi biodegradagarri banatuko dira uda honetan. Kanpaina honen bitartez sentsibilizazioa landu nahi da herritarren artean, arazoari ikusgarritasuna emateko eta euren kolaborazioa eskatzeko Larunbat honetan bertan hasiko da kanpaina, uztailaren 9an, 15:00etan, Borghetton hautsontziak banantzen hasiko direlarik. Uda garaian Turismo Bulegoak jarritako hondartzako kasetan ere eskura daitezke.
Kanpaina honen bigarren hankak biotopoaren zaintzari eragingo dio. “Zarauztarrok ondo dakigun bezala, Inurritzako biotopoa babestutako eremua da eta ibaiaren bi alboetatik ezin da pasa, bertan dauden hegaztiak babesteko. Duna ere biotopoaren barruan dago, baina kasu honetan, hondartzan bertan. Dunan galtzeko arriskuan dauden landareak aurkitzen dira eta guztion ardura da bi eremu hauek babestea. Udan bereziki, hainbeste jende egonda, askotan ikusten dugu jendea duna zeharkatzen edo biotopoaren barruan, kalte handiak sortzen espazio zaurgarri hauetan” adierazi du Ingurumen zinegotziak.
Hori ekiditen laguntzeko pertsona bat egongo da, astean behin, kanalaren gune horretan, kanalean ezin dela sartu jakinarazteko eta beharrezkoak diren informazio guztiak ematen. Larunbat honetan hasiko, arratsaldez, eta datorren astean ostegun goizean egongo da eta, honela, txandatuz joango da marearen arabera.