UDALAK “ZARATARIK GABE HOBETO” KANPAINA AURKEZTU DU

2022/05/13

Gaur goizean Zarauzko Udalak sustatutako “Zaratarik gabe hobeto” kanpaina aurkeztu da. Kanpaina hau 2019an kutsadura akustikoa murrizteko gauzaturiko Ekintza Planaren baitan kokatzen da. Plan honen barnean, pertsonen loa eta atsedena errespetatzearen beharra azpimarratzen zen.

Kanpaina honen bitartez zarauztarrak herriko zaratek suposatzen duten arazoaren inguruan kontzientziatzeko apustua egiten da. Gainera, ingurumenari egiten dion kalteaz gain, gai honek sor ditzakeen osasun-arazoen inguruan berri eman nahi zaie.

Gloria Vazquezek (PSE-EE), bigarren alkateorde eta Ingurumen zinegotziak, Zaratarik gabeko Zarautz baten alde egin du aurkezpenean, eta hau errealitate bilakatu dadin zarauztar guztiek duten aukera azpimarratu du: “Guri eragiten digun zarata, gehien bat, trafikoak sorturikoa da, baina badira banaketa ibilgailuak, kalean egiten diren konpontze lanak edota gaueko aisia bezalako elementuak ere. Lehen kanpaina honetan gure eskura dagoen kutsadura akustikoa, ahal den einean, murriztearen garrantziaren ideia zabaldu nahi dugu, eta, bereziki, herritarrak konturatzea zarata jasaten duten pertsonen osasunean duen eraginaz. Izan ere, arazo hau aldatzeko lehen pausoa, arazoaz jabetzea da”, azpimarratu du Vazquezek.

“Zaratarik gabe hobeto” kanpaina informazio pieza ezberdinek osatzen dute: kartelak, Udalaren sare sozialetarako edukiak, udal langileentzat formazioak, herriko ostalaritzako langileentzat informazio triptikoak, eta abar. “Pertsonek euren aisialdiaz herriko ostalaritzako terrazetan gozatzen daudenean sortzen den zaratak inguruko bizilagunengan duen eragin larriaz jabetzea nahi dugu, kutsadura akustiko honen mailak murriztu ahal izateko”, gaineratu du Ingurumen zinegotziak.

Behar batetik jaio den proiektua

“2018 urtean Zarazko Zarata Mapa osatu genuen eta, ikerketa hau abiapuntu hartuta eta herritarren ekarpenak jasota, Zarata Ekintza Plana idatzi genuen. Plan honetako ekintzetako bat martxan jarri berri dugun kanpaina hau bezalako sentsibilizazio kanpainak abiatzea da, herritarrek egoera ezagutu eta, guztion artean, kutsadura akustikoa murriztu eta bizi kalitatea hobetzeko”, azpimarratu du Vazquezek.

Ikerketa honen baitan, Zarauzko zarata handienak trafikotik eta aisialditik datorrena dela baieztatu zen. Honez gain, puntualki sortzen diren bestelako zaratak obrek sortutakoak edo udal zerbitzuen jardueretatik sortutakoak direla ikusi zen.

Honen guztiagatik, Zarauzko Udaletik herritarron parte hartzea eta inplikazioa eskatzen dugu kanpaina honetan, Zarautzen bizi kalitate hobea izan dezagun.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude