2022/08/04
Gaur goizean, Udalak antolatzen duen Sahara Gara egunarekin bat eginez, udalbatza osatzen duten zinegotziek, Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkatea eta Patxi Elola (PSE-EE) Kooperazio zinegotzia buru zirela, harrera egin diete udaletxeko pleno aretoan Oporrak Bakean programaren baitan Tindufeko kanpamentuetatik Gipuzkoara etorri diren haur sahararrei eta euren harrera familiei.
Oporrak Bakean programan, urtero, 9-12 urte bitarteko haur sahararrak uda Euskal Herriko familietan igarotzera etortzen dira. Aurten, bi urtez ekimen hau ospatu ezin ostean, 8 haur etorri dira Urola Kostako familiekin uda pasatzera, horietatik 3 Zarautzera.
Antzerki emanaldia arratsaldean
Harreraren ondoren, arratsaldean, Kultur departamentuak Antzerkia Familian programazioaren baitan antolaturiko Zirko Txosko konpainiaren “Indartsuak” emanaldia ikustera joango dira haurrak. Bertan, Villa Manuelako frontoian, Oporrak Bakean programaren karpa bat egongo da, ekimenaren inguruko informazioa eskaintzen.