DEIALDIA BIOTOPOKO KAINABERAK ATERATZEN LAGUNTZEKO

2022/10/25

Biotopoaren zaintza Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurunea departamentuari dagokio. Egin behar dituzten lanen artean, landare espezie inbaditzaileak kentzea dago, horien hazkundeak beste landareen garapena oztopa ez dezaten eta bertako biodibertsitateari kalterik ez egiteko. 

Aldundiak Iñurritza biotopoan zeuden kainaberak moztu zituen eta, orain, “Arkamurkako kideek proposatu dugu kainabera horiek pilatzea auzolanean eta Udalak erretiratzea. Aukera paregabea iruditzen zaigu elkarlanean herritarrekin lanketa hau egiteko. Aldi berean, sentsibilizazioa bultzatu nahi dugu herritarrek ulertzeko inbaditzaileek biodibertsitari eragiten dioten kaltea”, azaldu dute Arkamurka Natur Taldeko kideek.

Bestalde, Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “natura zaintzeko beharrezkoa da ekosistema bakoitzean garatu behar diren espezie desberdinak babestea. Inbaditzaileek, berriz, espazio osoa betetzeko gaitasuna dute eta bertako espezieekin lehiatzen dira, hauek desagertarazteraino. Naturan inportantea da espezieak nahastea, dibertsitatea kontserbatzea eta horretarako beharrezkoak diren baldintzak mantentzea. Guztion artean elkarlanean lortu dezakegu oreka ekologiko hori mantentzea”.

Hori dela eta Arkamurkak eta Udaleko Ingurumen arloak kainabera hauek jasotzen laguntzeko deialdia egin diete herritarrei. Moztutako landareak ateratzen lagundu nahi duen orok, urriaren 29an, larunbatean, goizeko 9:00etan Gasolindegi parean dagoen Zubiaurre Berri (Kaskatxuri) baserriaren ondora joan beharko du. Moztutako kainaberak biotopoko kanpo aldean pilatuko dituzte, TXUKUN LORAZAINTZAk jaso eta eraman ahal izateko. “Eskerrak eman nahi dizkiogu, enpresa honi ere, lana boluntario moduan egingo duelako”, amaitu du Vazquezek.. 

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude