2023/03/31
Zarauzko Udalak ekintza berri bat garatu du Eskolako 2030 Agendaren barruan, herriko ikasleak natura babestearen inguruan sentsibilizatzea eta naturaz gozatzea helburu. Horretarako, Eraztun Berde Urdinaren (EBU) gune interesgarriak banatu ditugu ikastetxeen artean, hurbiltasunaren arabera: Salbatore Mitxelena Ikastolari Iñurritza-Talaimendi bidea dagokio; Orokieta Ikastetxeari Irita – Astiko hezeguneak eta Buztinzuriko haltzadia; Lizardi Institutuari, Buztinzuriko haltzadia eta Arizia ingurua; Antoniano Ikastetxeari eta Oteiza Lizeo Politeknikoari, Arkamurka ibilbidea; eta, azkenik, La Salle Ikastetxeari eta Monte Albertia LHII-ri Igerain – Hiruerreketa eta Vista Alegreko parkea.
Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak adierazi duenez, “baliabide horren bidez, helburua da ingurumenarekiko sentsibilizazioa lantzea eta ikerketa, zaintza eta iritzi kritikoa bezalako konpetentziak garatzea. Ikasleen lana izango da aldiro-aldiro irteerak egitea eremu horietako biodibertsitatea aztertzeko, behaketak egiteko eta arazoak antzemateko”. Horretarako, EBUko teknikari arduraduna laguntza eskaintzen ari zaie, beharrezko material eta aholkularitza ematen eta ikastetxeen arteko zubi lana egiten.
“Ikastetxeek beren jarrera ona eskertu nahi diegu, hasieratik gogo onez eta interes handiz onartu baitzuten gure proposamena. Bide batez, Udalak aldian-aldian EBU mantentzeko lanak egiten dituela gogorarazi nahi dut: aldizkako ikuskapenak eta beharrezko lanak egiten ditugu eraztuna garbi edukitzeko, bideak mantentzeko, landare inbaditzaileak kentzeko, kalteak konpontzeko eta behar diren hobekuntzak egiteko”, burutu du Vazquezek.