UDALAK ZARAUZKO HEZEGUNEETAKO BIOANIZTASUNAREN INBENTARIOA EGINGO DU

2026/09/23

Udalak Aranzadi Zientzia Elkartea kontratatu du udalerriko hezeguneetako bioaniztasuna aztertzeko, emaitzak herritarrei ezagutarazteko eta eremu horien kudeaketa proposamenak egiteko.

Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak herritarrei jakinarazi nahi die bioaniztasunaren ezagutza eta zaintza indartzeko lan hau martxan dela, eta laster izango ditugula inbentarioaren emaitzak. Izan ere ezagutzea da natura zaintzeko eta babesteko lehen urratsa: “Lan honen helburua da gure inguruko bioaniztasuna hobeto ezagutzea: zer espezie eta habitat ditugun, zein egoeratan dauden eta zer behar duten etorkizunean behar bezala babestu eta kudeatzeko”.

Zarautzek hezegune baliotsuak dauzka, bereziki, Asti-Irita inguruan, Santa Barbarako Zingira basoan eta Itulazabalgo eremuan. Azterlanak arreta berezia jarriko du fauna, flora eta onddoetan. Asmoa da lan zientifiko sakona egitea eta, aldi berean, herritarrei emaitzak erakustea.

Datozen hilabeteetan, inbentario-lanak egiten ari diren Aranzadiko langileak udalerriko hainbat hezegune eta eremutan ikusiko ditugu behaketak eta laginketak egiten. Orain udazkeneko lanak egingo dituzte, ondoren, udaberrian osatzeko, izan ere, hainbat espezie detektatzeko eta identifikatzeko urtaroaren arabera behatu behar dira.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude