IGANDEKO HAIZETEEK HAINBAT ZUHAITZ BOTA ZITUZTEN ZARAUTZEN

2022/10/24

Igande honetan, Beatriz ekaitzak hainbat kalte sortu zituen kostalde guztian zehar. Zumaiako estazio meteorologikoan erregistraturiko 95 km/h-ko haize ufadek udalerri askotako zuhaitzak kaltetu zituzten, baita Zarautzen ere. Haizeteak lau zuhaitz bota eta hainbat adar kaltetu zituen.

Iñurritzan eta Pilartxo Enean bi ezki bota zituen haizeak. Lehena, errepidera erori zen eta aparkatuta zegoen kotxe batean kalteak sortu zituen. Bigarrena, aldiz, Pilartxo Eneako parkeko banku baten gainera erori zen.

“Tamaina handiko zuhaitzak arrisku handikoak izan daitezke jendearen edota beste jabetzen gainean erortzea posible denean, igande eguerdi honetan gertatu den bezala”, adierazi du Patxi Elola (PSE-EE) Lorezaintza zinegotziak. “Zorionez ez zen zauriturik izan igandean, kalte materialak besterik ez ziren egon”.

Honez gain, Aritzbatalde auzoan sagarrondo bat eta Montetxion akazia bat ere bota zituen haizeak. Gainera, herrian zehar hainbat zuhaitzen adarrak ere erori ziren haizearen ondorioz.

“Duela bi urte, Barbara ekaitzaren ondorioz, zuhaitz asko erori ziren Zarautzen”, gogorarazi du Elolak. “Egun hartan 120 km/h haize boladak izan ziren eta 26 zuhaitz bota zituen, horietatik 14, tamaina handiko ezkiak”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude