ZARUZKO UDALAK SALTOKIETARAKO AUTODIAGNOSTIKO-ERREMINTA BATEN AURKEZPENA HARTU DU

2022/10/26

Zarauzko Udalak Dendatu izeneko autodiagnostikorako tresnaren aurkezpena hartu du gaur. Haren helburua da saltokiek beren egoera jasangarritasun- eta zirkulartasun-irizpideetan aztertu ahal izatea, beren kudeaketa Ekonomia Zirkular batera egokitu ahal izateko eta trantsizio ekologikoaren erronkaren aurrean modu lehiakorrean kokatzeko.

Zarautz izan da egitasmoa aurkezteko aukeratutako Gipuzkoako udalerrietako bat. Proiektua beste herri batzuetan ere aurkezten ari dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentua bultzatzen du, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin, Gipuzkoako udalekin eta Gipuzkoako Merkataritza Federazioarekin elkarlanean.

Gaur eguerdian Zarauzko udaletxean egin den aurkezpen-ekitaldian, Ixidor Larrañaga Zarauzko Turismo eta Merkataritza zinegotziak, Enrique Ramos Obra Hidraulikoetako foru-zuzendariak, Gipuzkoako Merkataritza Federazioko eta Zarauzko merkataritzako ordezkariek eta tresna hau ezartzeaz arduratzen den Sinnple enpresako Maria Rodriguezek hartu dute parte.

Dendatu, prentsaurrekoan azaldu dutenez, ekonomia zirkularra bultzatzen jarraitzeko eta saltokien ingurumen-jarduera hobetzeko helburuarekin sortu da, denden bolumena, tamaina edo jarduera-sektorea edozein dela ere. Ildo horretan, Enrique Ramosek adierazi du diagnostikoa dela lehen urratsa sektore ekonomiko guztietan trantsizio ekologikoa erraztuko duten eguneroko praktiketan aldaketak egiten hasteko: “Dendatu Gipuzkoako saltokien eskura jartzen dugun tresna bat da -gaineratu du Obra Hidraulikoen zuzendariak-, trantsizio ekologikoaren eskakizunei aurrea hartzeko eta lehiakortasuna indartzeko, jasangarritasunari dagokionez. Jasangarriagoak izateak, energia aurrezteak, hondakinak murrizteak eta bestelako praktikek gure lehiarako gaitasuna indartzea ahalbidetuko digute, gure ingurunea zaintzen dugun bitartean.”


Zarautz izan da Dendatu aurkezteko aukeratu duten udalerrietako bat, kontuan hartu baita merkataritza-sektoreak herrian duen ezarpen eta protagonismo handia. Ildo horretan, Ixidor Larrañaga Turismo eta Merkataritza zinegotziak gogorarazi du garrantzitsua dela proiektu hori Zarautzen aplikatzea, “Zarauzko merkataritza, herriko nortasun-ikur nagusietako bat da eta eskaintzen duen produktu eta zerbitzua, punta-puntakoa da. Trantsizio ekologikoaren arloan denok egin behar dugu gure ahalegina gizarte jasangarriago bat lortzeko bidean. Zarauzko negozio askok jada martxan jarri dituzte Ingurumena gehiago errespetatzeko hainbat neurri, eta, bide honetan aurrera egin nahi duten dendariek, tresna honen bitartez, modu azkar batean, euren negozioaren jardunaren inguruko diagnostiko bat jasotzeko aukera izango dute”.

Tresna metodologikoa Naturklimaren webgunean egongo da eskuragarri, eta autodiagnostiko formatuan egingo da 15 minututan. Horri esker, Gipuzkoako edozein dendak diagnostiko bat izango du, irizpide zirkularretan nola kokatuta dagoen eta GJHak (Garapen Jasangarriko Helburuak) nola betetzen diren jakiteko, hala nola saltokietako hondakinen kudeaketa, bilgarriak, argiaren faktura, aireztapena, produktuen trazabilitatea, hornitzaileak, eta abar.

Autodiagnostikoa oso modu intuitiboan egingo da eta guztira 18 galdera egingo dira, lau arlo desberdinetan banatuta: ‘Zure establezimendua’, ‘Zure plantilla’, ‘Zure produktua’ eta ‘Negozioaz haratago’.

Behin prozesua amaituta, saltokiak txosten bat jasotzen du, lau arloetako bakoitzean eta lan egindako GJH bakoitzean lortutako jardunaren kalkuluarekin. Saltokiaren egungo egoerari buruzko informazioa emateaz gain, lau ekintza erraz proposatzen dira, jasotako erantzunekin lotuak. Haiei esker, establezimenduko kudeatzaileek erabakiak hartu ahal izango dituzte beren ingurunerik zuzenenean duten eragina hobetzeko. Dendatu oso harrera ona izaten ari da Gipuzkoan, eta kalkuluen arabera, 2022. urtearen amaierarako lurraldeko 200 saltokik baino gehiago izango dira autodiagnostikoa osatu dutenak.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude