ERAZTUN BERDE URDINA HIRUERREKETA AUZOTIK PASATZEKO BIDE BERRIA IREKI DU ZARAUZKO UDALAK

Gaurtik, Zarauzko Eraztun Berde Urdinak beste ibilbide bat izango du Hiruerreketa auzoan zehar. Duela urte batzuk, bertako auzotarrek erabiltzen zuten bide bat zegoen, baina gaur egun ezinezkoa zen bertatik igarotzea, dena sasiz beteta baitzegon. Horregatik, auzotarrak Udalarekin kontaktuan jarri ziren bide hau berreskura zedin eskatzeko. Udalak, urteen poderioz bertan hazi ziren sasiak eta bide erdian utzita zeuden txabolak kendu ditu berriz ere bertatik pasa ahal izateko.

Berregokitze lan hauek amaitu ondoren, bide hau Zarauzko Eraztun Berde Urdinera gehitu da. Bide honek, alde batetik, Igerain eta Vista Alegreko Parkea lotuko ditu, eta bestetik, Hiruerreketa auzoa Zarautz osoa inguratzen duen eraztunaren ibilbidean integratuko da.

“Orain arte, Igerainetik Vista Alegrera joateko errepidea zeharkatu eta handik parkera igo beharra zegoen. Orain, ireki berri dugun bide honi esker, Igerainetik Hiruerreketara joateko aukera daukagu, trenbidearen ondotik” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen eta Agenda 21 zinegotziak. “Auzotarrak hasi dira jada bide hau erabiltzen eta izugarri pozten nau garai bateko bide hau berreskuratzeak”.

Hiruerreketatik hasita, aparkalekura jaitsi, errepidea zeharkatu eta aldapatik igo beharra dago eskuinera, seinale berde urdinak jarraituz. Jarraian, bertan dagoen sarrera batetik igaro eta segituan Vista Alegreko parkera iristen da bidea. Sarrera honek ere berritze lanak behar izan ditu, bidea zeharkatzen zuen enborra handi bat kendu eta egurrezko barandak jarriz. “Eskerrak eman nahi dizkiet Hiruerreketako auzokideei, aukera paregabe hau emateagatik Eraztun Berde Urdina osatzeko eta baita ere, Ernesto Martinez de Cabredo Eusko Trenbide Sareko zuzendariari baimena emateagatik. Bide honetako lur batzuk ETSrenak baitira eta baimena eman digute bertatik igarotzeko” gehitu du Vazquezek.

Eraztun Berde Urdina errespetuz gozatu

Udaletik gogorarazten da Eraztun Berde Urdineko ibilbideak landa guneetatik igarotzen direla eta bertatik pasatzen diren herritarrak ibilbidean dauden baserri eta propietate pribatuko partzelak errespetatu behar direla. Beraz, mesedez ez sartu leku hauetan.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude