ZARAUZKO HONDARTZAK BAT EGINGO DU “KERIK GABEKO HONDARTZEN” EKIMENAREKIN

2023/05/25

Ingurumen Sailak, beste udal departamentuen batzuen inplikazioarekin, hondartzako ingurumen-jarduerak koordinatzen ditu ISO 14001 eta EMAS kudeaketa-sistemen bidez, eta, horregatik, denboraldi honetan EMASen bandera Zarauzko malekoian jarriko da.

Iaz, Ingurumen Sailak kanpaina bat egin zuen herritarrak hondartzan ez erretzera gonbidatzeko, eta hautsontzi biodegradagarriak banatu ziren zigarrokinak hondarretan ez botatzeko. Zigarrokin bakoitzak 500 litro ur kutsatzen ditu, bizitzarako toxikoak eta arriskutsuak diren gaiekin.

Zarauzko hondartza, aisialdirako, kirolerako eta turismorako baliabidea izateaz gain, ingurumenaren altxorra ere bada, Eraztun Berde Urdinaren barruan, eta hori babestu egin behar dugu.

Zarauzko hondartza ingurumenaren presio handia jasaten duen hiri-hondartza bat da. Horregatik, bertan ez erretzeko eta zaborrak birziklatzeko edukiontzietara eramateko eskatzen diegu herritarrei. Aldundiak egunero garbitzen du hondartza goizean, baina egunean zehar itsasgorak hondarretan geratzen den guztia eramaten du, itsasoa kutsatuta. Aurten, aurreko gauean pilatutako botila, edalontzi eta bestelako hondakinez betetako hondartzaren irudiak ez errepikatzea gustatuko litzaiguke.

Zarauztarrei eta bisitariei dunan eta biotopoan sartzea guztiz debekatuta dagoela gogorarazteko kartelak jarriko dira. Oso gune kalteberak dira, eta desagertzeko arriskuan dauden espezieak baitaude. Babestu egin behar ditugu.

Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiegu gure naturguneen zaintzarekin kontzientziatuta dauden herritar guztiei, guztion artean babestu beharreko altxorra baitira.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude