KONTSUMO JASANGARRIA ETA BERTAKO PRODUKTUAK, BAITA NEGUAN ERE

2025/02/19

Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak “Bertatik bertara eta garaian garaikoa” kanpaina martxan du eta urtaro aldaketa egin du neguari ongietorria emateko.  Kanpainaren helburuak kontsumo jasangarriko ohiturak sustatzea eta bertako ekoizleak babestea dira. Lehen sektorea, eta bereziki ekoizpen ekologikoa, funtsezko elementua da jasangarritasuna bultzatzeko.

Kanpaina hau 4 fasetan banatuta dago, urtaro bakoitzeko txanda bat eta, orain, neguko kanpainari dagokio tartea. Guztira, 5 panel jarri dira udalerriko hainbat gunetan, sasoiko 5 produkturen argazkiekin, kanpainaren leloarekin eta sustatu nahi ditugun kontzeptuekin: osasungarria, jasangarria eta tokiko ekoizpenarekin konprometitua.

Gainera, fase bakoitzean, udalerriko nekazaritza-ustiategietan egindako bideo bat ikusi ahal izango da GUKA Telebistan, eta beste batzuk laburragoak izango dira sare sozialetan.

Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendik (PSE-EE) nabarmendu duenez, “Txanda honetan, batetik Alba Aristi izan dugu, Basobeltz baserriko ustiategia erakusteko eta, bestetik, Garikoitz Arruabarrena, Masta jatetxeko sukaldaria, bertatik bertara eta garaian garaiko produktuekin duen esperientzia partekatzeko. Zorte handia dugu horrelako aukerak herrian bertan izateagatik. Herritarrak animatzen ditugu sasoiko eta tokiko produktuak kontsumitzera”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude