HAINBAT EKITALDI ANTOLATU DIRA LGTBIQ+ FOBIAREN AURKAKO EGUNAREN BAITAN

2024/05/16

Maiatzaren 17an, LGTBIQ+ Fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna ospatzen da eta urtero bezala sentsibilizazio ekimenak burutuko ditu Parekidetasun Departamentuak antolatuta.

“Gure herrian ikusgarritasuna emateko genero aniztasunari eta guztion eskubideak aldarrikatzeko, ortzadarrak zabaldu ditugu herrian zehar: errepidearen azpiko pasabidean, Torre luzean eta Emakumeen* etxea kokatzen den plazako eserlekuetan, bai eta ikastetxetako patioetan ere, Hezkidetza Foroarekin elkarlanean”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak.

“Ortzadar bandera askatasun sexualaren sinbolo bihurtu da. Askatasun sexual horrek, konplexurik gabe eta harrotasunez beti izan behar duela defendatzen dugu, edozein pertsonaren eskubidea da eta. Horregatik egun hau oso garrantzitsua da eta Berdintasun Sailean zein Hezkidetza-foroan ospatzeko ekimenak antolatzen ditugu”.

Aurten, egun honen baitan, Erreka Mari antzerki obra eskainiko da Modelo Aretoan, 20:00etan. Sarrerak 6 eurotan eskura daitezke Modeloko txarteldegian edota Kutxabanken sarrera webgunean. Honez gain, datorren ekainaren 13an, Naizen elkartearen eskutik, Hikiru taldearen Trans-formatzen dokumentala proiektatuko da Emakumeen* etxean; ondoren, Naizen elkarteko kideek bere bizipena partekatuko dute eta solasaldia izango da. “Ekainean eginez, ekimen hau lotu nahi izan dugu hurrengo ekainaren 28an ospatzen den Harrotasun egunarekin”, gehitu du Parekidetasun zinegotziak.

Urtero bezala, Hezkidetza foroaren barruan, “NAIZENA NAIZELA ONARTUA” pankartak jarri dira ikastetxe guztietan eta udaletxeko balkoian. Egitasmoaren baitan, berdin egingo dute Getarian, Orion eta Zumaian ere.

Edurne Iribar, Hezkidetza Foroko koordinatzaileak azaldu duen moduan, “aurten ere Hezkidetza Foroa osatzen dugun herrietako ikastetxeetan LGTBIQ+ fobiaren inguruko jarduerak gauzatuko dira, denon artean pertsona guztien errespetua, berdintasuna eta askatasuna sustatzeko, sexu-orientazioa, identitatea edo genero-adierazpena edozein dela ere. Bestetik, LGTBIQ+ kolektiboaren parte diren ikasleentzako ikastetxea gune segurua izateko aurrerapausoak emango ditugu.”

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude