2024/05/21
Bihar, maiatzaren 22an, Biodibertsitatearen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta ekainaren 5ean, aldiz, Ingurumenaren Nazioarteko Eguna. Bi data hauek uztartuz, Zarauzko Udalak hainbat ekitaldiz osaturiko egitarau borobil bat jakitera eman du gure herriko natura eta biodibertsitatea ezagutu, zaindu eta maitatzeko.
Maiatzaren 26an, igande goizean, Arkamurka Natur taldearekin irteera bat antolatu da Zingira eta Gesoerrekan Udalak garatu dituen lanak ikusarazi eta azaltzeko. Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak gogorarazi duen moduan, “lau partzela erosi ditugu bertan eta lanak egin ditugu arkamurka basoa berreskuratzeko asmoz. Hain zuzen ere, guztira, 98.884 m2 erosi ditugu eta 2.500 zuhaitz eta zuhaixka landatu ditugu, 200.000 euro inguruko inbertsioarekin”.
Igandean bertan, arratsaldean, Eraztun Berde Urdinaren horma irudia jarriko da Malekoian, haurrekin biodibertsitatea lantzeko eta, herritar guztiekin, Zarautzen dauzkagun ekosistema desberdinak eta bertako biodibertsitatea ezagutzeko asmoz.
Ekainaren 1ean itsasoko zaborrei eta mikroplastikoei buruzko sentsibilizazio kanpaina garatuko da, Mater Itsasontzi Ekoaktiboarekin batera. Arratsaldez izango dira ekimenak, Malekoiko jolas parkearen inguruan. Honekin batera, gune berean, egunean zehar Andoni Bastarrikak harez egindako irudi bat osatuko du, naturaren zaintzaren garrantzia irudikatzeko.
Beste bi ekimen ere gauzatuko dira, ingurumenaren zaintzaren beharra eta auzolanaren laguntza ikusarazteko. Lehena, ekainaren 2an, goizeko 10:00etan, Igerain errekaren garbiketa izango da, Santa Klara komentuaren alboan. “Ekimen honen helburua da herritarrei jakinaraztea ibaiek duten garrantzia. Ibaiak ekosistema naturalak dira eta bertan izaki bizidunak daude, espezie desberdinetakoak. Garbiak mantendu behar ditugu, ibaia bera zaintzeko eta baita hondakinak itsasora ez iristeko, ibaietan botatzen den guztiak itsasoan bukatzen baitu”, gehitu du Ingurumen zinegotziak. Zarauzko Udalak urtean bi aldiz garbitzen ditu herriko ibai guztiak, bertan dauden zaborrak ateratzeko eta inguruko landaredia mantentzeko, ibaiak bizia jarrai dezan.
Ekainaren 16an, 10:00etan, Vista Alegre auzoan aurki daitezkeen landare inbaditzaileen gorakada gelditzeko irteera gauzatuko da. Vista Alegreko parkean Krokosmia (Crocosmia x crocosmiiflora) deituriko landareak ditugu eta oso zabaldua dago parke guztian zehar. Irteera honetan, boluntarioen laguntzari esker, horietako batzuk kenduko dira. Aurrez, Oteiza Ikastetxeko ikasleen laguntzaz, pare bat irteera antolatu dira era honetako landareak desagerrarazten laguntzeko.
“Eskerrak eman nahi dizkiet Arkamurka taldeko kideei eta ikastetxeei, gurekin egiten duten lan guztiagatik eta, orokorrean, herritarrei eskerrak eman, proposatzen ditugun ekimen guztietan erantzuna oso ona delako”, amaitu du Vazquezek. “Guztion inplikazioa beharrezkoa da aldaketa klimatikoari aurre egiteko, guztiok arazoaren eta, aldi berean, konponbidearen parte garelako”.
Azken bi ekimen hauetarako izena eman beharko da, zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidean edota 943 005159 telefonoan.
Deskargatzeko
Maiatza eta ekaineko egitaraua – Ingurumena (PDF 5,4 MB)