2022/02/04
Emakumeen Nazioarteko Egunerako hilabete inguru geratzen den honetan, Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak aurtengo martxoaren 8ko kartel lehiaketaren garailea jakinarazi du. Gabriela Pellejero izan da aurtengo kartel lehiaketaren, eta 400 euroko sariaren, irabazlea bere “Sororidad” izeneko lanarekin.
Epaimahaia Mar Arregik(diseinuan eta komunikazioan aditua), Myriam Gonzalez de Txabarrik (Zarauzko Udaleko Erakusketa arduraduna) eta Gloria Vazquezek (Berdintasun zinegotzia) osatu dute.
“Asko gustatu zitzaigun Gabrielaren kartela daukan esanahia eta edukiarengatik” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak. “Ahizpatasuna oso kontzeptu garrantzitsua da feminismoan eta hori da kartel honek adierazten duena: bi emakume elkarlanean emakumeen eskubideen alde”.
Erakusketa Emakumeen* Etxean
Guztira 32 lanek parte hartu dute Emakumeen Nazioarteko Eguneko kartel lehiaketa honetan eta gaurtik aurrera kartel hauek osatzen duten erakusketa ikusgai izango da Emakumeen* Etxean datorren martxoaren 18ra bitartean.
Parte hartzaileen artean 8 zarauztarrak izan dira eta guztira 14 proposamen jaso dira Euskal Autonomia Erkidegotik. Gainontzekoen parte hartzaileen jatorriak honakoak izan dira: Nafarroa (2), Madril (7), Kantabria (1), Sevilla (1), Bartzelona (3), Zaragoza (1), Valentzia (1) eta Leon (1).
Publikoaren Saria, astelehenetik aurrera
Behin epaimahaiaren saria ezagutu ostean, Publikoaren Saria datorren astelehenean jarriko da martxan. Otsailaren 7tik aurrera, Zarauzko Berdintasun departamentuaren Facebook kontuan argitaratuko den argitalpenean eman ahal izango da bozka. Bozka gehien jasotzen dituen lanaren egileak 200 euroko saria irabaziko du.