560 KG ZABOR ATERA DITUZTE ZARAUZKO IBAIETATIK

2022/10/21

2015etik, Zarauzko Udaleko Ingurumen-arloak udalerriko ibaiak garbitzeko kontratua kudeatzen du, eta horri Iritako hezegunearen garbiketa gehitu zaio. Garbiketa hori urtean bitan egiten da, udaberrian eta udazkenean, Euskal Jaia igaro ondoren.

Urrian egindako Zarauzko ibaien azken garbiketan, kontratu honen esleipendunak, TXUKUN LORAZAINTZA enpresak, ia 580 kg hondakin eta 10 pneumatiko atera zituzten. Zehazki, 250 kg plastiko, 130 kg txatarra eta 180 kg-k errefusera joan behar izan dute. 580 kg zabor horietatik 150 kg Iñurritzako biotopoaren eremutik atera dira. Hainbat bizikleta jaso dira, baita telebista bat ere.

“Gogoratu behar da ibaiak ez direla zabortegiak eta zabor guzti hori garbigunera eraman behar dela”, gogorarazi du Gloria Vazquezek (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Tamalgarria da hainbeste zabor pilatzea gure ibaietan. Ibaiak zaindu behar ditugun ekosistema dira eta bizitzeko behar dugun edateko uraren iturri nagusia da gainera. Biodibertsitatean aberatsak diren guneak dira, beren egoera naturalean daudenean.

“Zoritxarrez, duela hamarkada batzuk erakundeek ibaiak horma artean sartzea edo lurperatzea erabaki zuten, uholdeak saihestuko zituzten uste faltsuan oinarrituta. Gaur egun, kontrakoa egiten ari gara: naturalizatu, hormak bota eta ubide naturalak zaharberritu. Zarautzen, ibaiak lurperatzearen ondorio latzei buruzko adibide garbia dugu Olaa ibaian. Ibai hori Bombas Itur azpitik lurperatzeak, Abendañon, uholde oso larriak eragin zituen inguruko industrietan urte askoan. Uholde horiek saihestu egin dira Gipuzkoako Urakek 2019an egindako obrari esker; obra horrek Olaako ibilgua azalera atera zuen. Obra berean, Iñurritza ibaiaren hormak eraitsi ziren, Irita parean, eta ibaiari eta hezegune osoari egoera naturalera itzuli zitzaien. Hori da uholdeak saihesteko modurik onena, duela urte uste zenaren aurka”.

“Gaur egun ere badakigu ibaiak ez direla dragatu behar, duela urte batzuk egiten zen bezala”, gaineratzen du Vazquezek. “Ingurumen arlotik Zarauzko ibilguak dragatzeari uzteko apustua egin dugu 2015etik. Ingurumen zinegotzigotik nire helburuetako bat izan zen, eta egiaztatu ahal izan dugu urte hauetan guztietan ez dela Igerain erreka behin ere urez bete. Hemendik aurrera, bere ibilguaren zati bat Salberdinen birsortzearekin naturalizatutako ingurune honetaz gehiago gozatu ahal izango dugu. Zarauztarrei laguntza eskatu nahi diet gure ibaiak garbi mantentzeko. Zaindu beharreko ekosistemak izateaz gain, kontuan izan behar dugu ibaira botatzen den guztia itsasoan amaitzen dela, eta, beraz, ibaiak garbitu eta zaintzeak gure itsasoak garbitu eta zaintzea ere esan nahi du”.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude