BERRITASUNAK HONDARTZAREN INGURUMEN GESTIOAN

2024/05/30

Gure hondartza aisialdirako, kirolerako edo eguzkia hartzeko gunea baino askoz gehiago da. “Hondartza ingurumenaren ikuspegitik arreta eskatzen duen ekosistema bat da, gure Eraztun Berde Urdinaren alde urdina osatzen duena. Itsasoa, dunak, arrokak eta hareatza bera biodibertsitatea eta osasuna zaindu beharreko naturguneak dira”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. Hori dela eta, Zarauzko Udalak modu integralean kudeatzen du hondartza, ingurumena kudeatzeko EMAS eta ISO 14.001 sistemen bidez. Helburua da ekosistema baliotsu hori zaintzea eta babestea, eta babes hori herritarren aisialdiarekin bateragarri egitea.

Aurten berrikuntza batzuk gehitu dira, zehazki hondartzako sarrera guztietan plakak jarri dira, eskaileren ondoan, “Kerik gabeko hondartza. Playa libre de humo. Tabakorik ez! Eskerrik asko “, Zarautzek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak sustatutako “Kerik gabeko hondartzak” proiektuan parte hartzen baitu. Programa honek hainbat helburu ditu: alde batetik, pertsonen osasuna hobetzea eta, bestetik, itsasoan amaitzen duten hondarreko zigarrokinak murriztea, bertan bizi diren izaki bizidunak kaltetuz. Horregatik, proiektu honetan bat egiten dute Gizarte Politiken Sailak eta Ingurumen Sailak.

“Prebentzio arlotik ikusten dugu kerik gabeko hondartza bat sustatzea adin guztietako erabiltzaileen osasunerako onuragarria izateaz gain, tabakismoak osasunerako duen arriskuari buruz sentsibilizatzeko modu bat dela”, adierazi du Jesus Arana /EAJ-PNV) Gizarte Politiketako zinegotziak. “Gainera, neurri honek mesede egiten die Zarauzko hondartza bezalako kostaldeko itsas ekosistemei”.

Beste berrikuntza bat EMAS bandera jartzea izango da, hondartzaren ingurumen-kudeaketa ikusarazteko. Programa honen bidez, Ingurumen Saila hondartzan lan egiten duten gainontzeko sailekin koordinatzen da, hala nola sorosleak kontratatzeaz eta Malekoia garbitzeaz arduratzen diren Obra eta Zerbitzuekin eta Aldundiko Ingurumen Sailak kudeatzen duen hareatzaren eguneroko garbiketa-zerbitzuekin.

Urtero, gertatutako gorabeherak, jarduera osoa eta ingurumen-programak aztertzen dira, eta hobetzeko neurriak proposatzen dira. “Golfaren eremutik kanpo eta barruan duna babestea da gure lehentasunetako bat”, gogorarazi du Vazquezek. “Ildo horretan, Aranzadi Zientzia Elkartearekin programa bat garatu genuen, Golf zelaiaren barruan duna landareen egoera kontrolatzeko. Eremu babestua errespetatzeko beharra ere azpimarratzen dugu. Gogoan izan behar da debekatuta dagoela zubi azpitik errekarantz igarotzea”.

Zarauzko hondartza da udan txakurrekin hondartzara joateko aukera ematen duen bakarretakoa, baina ordutegi mugatuarekin, goizeko 21:00etatik 06:00etara. Txakurrak lotuta joan behar dira, eta ezin dira inolaz ere dunan sartu, ezta zubiaren azpitik mugaturiko eremuan ere. Txakurren jabeek gorozkiak jaso eta eskura dauden edukiontzietara bota behar dituzte.

Kontuan hartu beharreko alderdi bat da dutxetako eta oinetako labako ura jada ez datorrela akuiferotik, hornidura-sareko ura baizik, Osasun Sailak hala aginduta. Beraz, herritarrei ezinbesteko ura bakarrik erabiltzeko eskatzen diegu.

Ingurumen zinegotziak gogorarazi duenez, “azpimarratzekoa da marmoka eta mikro alga toxikoen presentziaren kezka. Biak ala biak gero eta ugariagoak dira Kantauriko hondartzetan, uraren tenperaturak gora egin duelako klima-aldaketaren ondorioz. Erne egoten gara, baina oraingoz ez da gertakari garrantzitsurik izan Zarautzen. Gure hondartza altxor bat da eta guztion ardura da hura zaintzea, garbi mantenduz, harkaitzetako animaliak hartu gabe behatuz, txakurrak lotuta eramanez eta gorozkiak jasoz, ura aurreztuz eta erre gabe.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude