ZINGIRA BASOKO URMAELAK EZAGUTZEKO IRTEERA ANTOLATU DA IGANDE HONETARAKO

2024/04/09

Otsailaren 2an Hezeguneen Nazioarteko Eguna ospatu zen, eta egun horren harira hainbat ekintza antolatu ziren Zarauzko Udaleko Ingurumen arloko Eraztun Berde Urdinaren egitasmotik, besteak beste, Iritan zuhaitz landaketa egin zen Iritan Orokietako LH 4ko ikasleekin batera, eta Zingirako mikro hezeguneari buruzko hitzaldi bat ere eskaini zen Aranzadi Zientzia elkarteko eta Neiker-eko zientzialarien eskutik. 

Zingira basoa Eraztun Berde Urdinaren Arkamurka ibilbidean aurkitzen da eta Europak babestutako Garate-Santa Barbara Kontserbazio Bereziko Eremuan kokatuta dago. Baso honen alderik garaienean, garai batean Zingira izeneko baserria zegoen inguruan, bi mikro hezegune aurkitzen dira: Zingira I eta Zingira II. Bi mikro hezeguneak Zarauzko Udalak sortu zituen, Aranzadi Zientzia Elkartearen laguntzaz, bizidun urtarren mesederako, batez ere anfibioak, narrastiak, sorgin-orratzak eta burruntziak.

Biodibertsitate baliotsu honen jarraipena bermatzeko hainbat kudeaketa eta dibulgazio ekintza bultzatu ditu Udalak azken 5 urteotan Aranzadi Zientzia elkartearekin elkarlanean. 2023an pausu berri bat eman zen Zingira I mikro hezegunean, “Mikroklima: mikrohezegune sarea krisi klimatikoaren aurrean” egitasmoaren baitan barneratu baitzen.

Beraz, urmaelak klima krisiaren aurrean duen erantzuna aztertzen ari dira Mikroklima proiektuaren baitan, Aranzadiko ikerketa herpetologikoak, entomologikoak, botanikoak gauzatzen ari dira eta, honez gain, Neiker erakundeko ikerlariak ari dira bertako eltxoak aztertzen.

Udaberria bete betean dugula aprobetxatuz, Zingirako urmaeletan dauden biodibertsitatea bertatik bertara ezagutzeko aukera eskainiko dugu Aranzadi eta Neikerreko adituen eskutik. Horretarako irteera bat antolatu da igande honetarako (apirilaren 14rako). Goizeko 10:00tan elkartuko gara Vista Alegre parkeko sarrera nagusian. Irteera irekia izango da eta haur, gazte zein helduei zuzenduta egongo da.

Irteera doakoa da baina parte hartzeko izena eman behar da. Interesa baduzu idatzi zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbidera edo deitu 943005159 telefonora.

Deskargatzeko

Irteera Zingira_Kartela (PNG 2,7 MB)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude