2025/02/05
Otsailaren 12tik 26ra ospatuko da aurtengo Cimasub Zarautz 2025 jaialdia. Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren 15. edizioa ozeanoen edertasuna esploratzeko eta bertako sekretuak ezagutzeko aukera paregabea izango da.
Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren helburua da itsas hondoa ezagutaraztea eta harenganako maitasuna eta errespetua transmititzea. Horretarako, baliatzen ditu urpekaritza kirola, urpeko irudien teknologia, zinema eta argazkilaritzaren arte eta kultura, eta, guztiaren gainetik, itsasoarekiko maitasunaren bandera.
“Zarauzko Ingurumen sailetik garatu ditugun hainbat kanpainen helburuekin bat dator Cimasub jaialdia; bereziki, gure itsaso eta ozeanoak zaintzeko beharrarekin. Aukera ezin hobea da zarauztarrok jakitun izan gaitezen gure itsasoen garrantziaz, etorkizunera begira gehiago kaltetu ez ditzagun”, azaldu du Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.
Aurtengo esloganak, “Irudi bakoitza, konpromiso bat. Begirada bakoitza, aukera bat”, ozeanoen esentzia harrapatzen duten argazkilarien eta zinemagileen dedikazioa sinbolizatzen du, haiek babesteko konpromisoa hartuz. Sortzaile horientzat, irudi bakoitza erantzukizun ekintza bat da, itsas ekosistemen edertasuna eta zaurgarritasuna erakusten diguna, eta publikoarentzat, berriz, begirada bakoitza aukera bat da kontzientzia hartzeko eta ingurumenaren alde jarduteko.
Jaialdi honen baitan hainbat ekimen izango dira:
ZINEMA
Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloak (CIMASUB) ozeanoak eta natura maite dituztenak liluratuko dituen programazio zirraragarria eskaintzen du. Otsailaren 12, 19 eta 26an, asteazkenetan, 19:00etan, Modelo Aretoan itsaspeko ikus entzuneko jaialdia izango da. Sarrera doakoa da.
CIMASUB 2025ek aurkeztuko du hainbat artistek itsasoarekiko duten pasioa islatzen duten lan zinematografikoen sorta. Artista horien artearen bidez, ozeanoen edertasuna eta degradazio kezkagarria erakusten dira. Zinegile horiek azpimarratzen dute gizateriak ekosistemetan egiten duen presioa lurreko biziraupenean.
ERAKUSKETA
Zinema-emanaldiekin batera, urpeko argazki-erakusketa zirraragarria aurkeztuko dugu Merkatu plazan, otsailaren 10tik 27ra, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:00etara, eta, asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara.
TXIKIZIKLOA
CIMASUBek hezkuntzarekin eta ingurumen-kontzientziarekin duen konpromisoa Itsaspeko Txikizikloan islatzen da. 2024an Gipuzkoako lehen hezkuntzako 2.500 ikasle baino gehiago inplikatu dira proiektu honetan. Programa honen helburua da ozeanoen kontserbazioa sustatzea eta haurrek itsasoa inguratzen duen guztiaz duten pertzepzioa sustatzea. Modelo Aretoa ikasle zarauztarrez beteko da otsailaren 12an, eta esperientzia paregabea jasoko dute gure herriko ikastetxeetako haurrek.
ADINZIKLOA
CIMASUBek, Real Sociedad Fundazioarekin lankidetzan, urpeko mundua gure adinekoei hurbiltzeko programa abiarazi du aurten. Zarauzko Maria Etxetxiki Zentroan, otsailaren 19an, 11:00etan, itsaspeko zinema-emanaldiak eskainiko dira. Helburua da adinekoei, beren familia eta zaintzaileekin batera, itsasoko biodibertsitatea esploratzeko aukera ematea, bertako kontserbazioari buruz hausnartzeko. Horrela, adineko horiek ongizate emozionala indartzen duen esperientzia aberasgarri batez gozatzeko aukera izango dute. Ekimen hori etorkizunean zabaldu nahi da eta gizarte osoan ingurumen-inklusioa eta -sentsibilizazioa sustatu nahi dira.
Informazio gehiago www.cimasub.com webgunean.
