TXAKURRENTZAKO SEI PARKE BERRI JARRI DIRA ZARAUTZEN

2022/05/12

Zarauzko Udaleko Animalien Ongizate eta Babeserako ardurak herriko auzo desberdinetan kokaturiko txakurrentzako sei parke berri jarri ditu, Parke hauen helburua da txakurra daukaten herritarrek toki bat izatea euren maskota segurtasunarekin aske ibiltzeko.

“Alde batetik, udal araudiak txakurrak lotuta eramatea behartzen du, kaletik doazen pertsonekin edota beste txakurrekin arazoak ekiditeko, baita hauek egindako gorozkiak kontrolatu eta hala poltsa batean jaso eta zakarrontzira bota ahal izateko ere”, adierazi du Animalien Ongizatearen zinegotzi arduradun Gloria Vazquezek (PSE-EE). “Baina, bestalde, animalien ongizatea garrantzitsua da eta begi bistakoa da txakurrek aire zabalean aske ibiltzeko eta beste txakurrekin erlazionatzeko espazioak behar dituztela”.

Guztira sei parke ezarri dira honako guneetan: Asti, Irita, Frantzeskua, Aritzbatalde, Vista Alegrera igoera eta Arrosaleda Parkea. Herrigunean kokaturik dauden parke hauek oso erabilgarriak dira egunero txakurrak euren beharrak egitera ateratzen dituzten pertsonentzat.

“Gero eta gehiago dira txakur bat adoptatzea erabakitzen duten pertsonak. Honek, betebehar batzuk suposatzen ditu, besteak beste, identifikazio txip-a jartzea, txertoak, kaletik lotuta eramatea eta euren gorozkiak jasotzea. Baina jabeek euren ongizatea bermatu behar dute eta nik, Animalien Ongizatearen zinegotzi arduradun bezala, segurtasunez aske uzteko eremu hauen bitartez lagundu nahi ditut. Araudiak lotuta eramatera behartzen ditu baina, aldi berean, Udalak gune seguruak ahalbidetu behar ditu hauek aske ibil daitezen”, gehitu du Animalien Ongizaterako zinegotzi arduradunak.

Parke bakoitzean, arauak azaltzen dituen panel bat dago. Arau garrantzitsuenak sartzean eta ateratzean ateak ixtea, gorozkiak jasotzea eta hauek zakarrontzira botatzea dira. Parke guztietan daude zakarrontziak eta Udal Brigadak txakurrentzako bereziki prestaturiko iturriak jarriko ditu parkeetan.

“Espero dut denon artean espazio hauek zaintzea, gure lagun iletsuek hauek goza ditzaten, eta guk beraiekin”, amaitu du Vazquezek.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude