2026/06/17
Zarauzko San Pelaio jaietan, Udaleko Berdintasun Departamentuak Puntu Morea jarriko du Musika Plazan. Zerbitzua ekainaren 25ean 00:00etatik 03:00etara eta ekainaren 26an 22:00etatik 02:00etara egongo da martxan.
Puntu Morearen helburu nagusiak dira jaietan genero-indarkeriaren aurkako espazio segurua eskaintzea; eta herritarren sexu- eta genero-aniztasunarekiko begirada aberastea modu hurbil eta informalean.
“Jai giroan alkoholaren eta bestelako kontsumoen eraginez desinhibizioa handitzen da, eta horrek emakumeen aurkako erasoak, LGTBIAQ+fobia edo arrazakeria kasuak areagotzeko arriskua ekar dezake”, azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak.
Egoera horren aurrean, Puntu Morean egongo den Samurrak Aniztasuneko profesional taldeak prebentzioan, sentsibilizazioan eta laguntzan oinarritutako zerbitzu espezializatua eskainiko du. Berdintasunean eta sexologian adituak diren profesionalek sexualitate osasungarri, positibo eta inklusiboaren inguruko sentsibilizazio-lana egiten baitute. Horretarako, jarduera parte-hartzaileak eta material didaktikoak erabiltzen dituzte, herritarren artean oraindik ere indarrean dauden mito eta aurreiritziak deseraikitzeko eta sexu-hezkuntza modu erakargarri eta hurbilean lantzeko. Honekin batera, Berdintasun departamentuak gogorarazten du Puntu Morean sumisio kimikoaren aurkako eskumuturrekoak ere banatuko direla.
Puntu Moreaz aparte, Zarauzko Udaleko Berdintasun departamenduak errespetuzko jaien dekalogoa banatuko du herriko taberna guztietan.
Ekimen hauen bidez, Zarauzko Udalak jai seguruagoak, parekideagoak eta aniztasunarekiko errespetutsuagoak sustatu nahi ditu.

