2026/05/12
Zarauzko Udaleko Ingurumen Departamentuak gaueko tximeletak ikusteko irteera antolatu du datorren maiatzaren 15erako, ostirala, Zerynthia elkarteko Dan Lertxundirekin batera. Jarduera Eraztun Berde Urdinaren urteko programazioaren barruan kokatzen da, eta 21:30ean izango da Vista Alegreko Torreoian. Bi ordu inguruko iraupena izango du.
Proposamen honen bidez, parte-hartzaileek gaueko tximeleten mundua ezagutzeko aukera izango dute, naturan bertan egingo den dibulgazio eta familia giroko esperientzia baten bidez. Horretarako, argi-tranpa bereziak jarriko dira Torreoiaren inguruan, espezie desberdinak erakartzeko eta haien behaketa errazteko.
Jarduera honen azken edizioa 2022an egin zen, eta harrera bikaina izan zuen. Egun hartan espezie ugari ikusteko aukera izan zen, eta horregatik erabaki da aurten berriro ekimena antolatzea.
Ikusi ahal izango diren espezieen artean nabarmentzekoa da “paboi handia” (Saturnia pyri), Europako tximeletarik handiena.
Eraztun Berde Urdinaren arduradun den Gloria Vázquezek (PSE-EE) azpimarratu duenez, “programazio honen helburua da herriko natura aberastasuna ezagutzeko esperientziak eskaintzea eta espazio berdeak zein bertako biodibertsitatea balioan jartzea”.
Bestalde, Ingurumen zinegotzi Inaxio Illarramendik (PSE-EE) nabarmendu du “horrelako jarduerek tokiko biodibertsitatea herritarrengana modu hurbil eta erakargarrian gerturatzen dutela, natur ingurunea errespetatzeko eta ezagutzeko aukera eskainiz”.
Jarduera naturazale guztiei zuzenduta dago, eta aire librean familiarekin edo lagunekin esperientzia berezi bat bizitzeko aukera paregabea izango da.
Izena ematea derrigorrezkoa da
943 00 51 09

