2026/05/15
Maiatzaren 17an ospatzen den LGTBI+fobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak sexu- eta genero-aniztasunarekiko errespetuarekin, askatasunarekin eta berdintasunarekin duen konpromisoa berretsi nahi du, baita gorroto diskurtsoen eta edozein diskriminazio motaren aurrean duen erabateko gaitzespena ere.
Data honek 1990eko maiatzaren 17a gogorarazten du; egun hartan Osasunaren Mundu Erakundeak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik kendu zuen. Harrezkeroztik, mundu osoan ospatzen da LGTBIQ+ pertsonen eskubideen aldeko aldarrikapen eguna eta oraindik ere irauten duten diskriminazio-, indarkeria- eta bazterketa-egoerak salatzeko eguna bezala.
“Gure herrian pertsona guztiek askatasunez bizi ahal izatea nahi dugu, edozein dela ere haien sexu-identitatea. Gizarteak desberdintasunen beldurra galdu behar du aniztasuna ulertu eta onartzeko. Berdintasun Sailetik urteak daramatzagu espazio publikoan sexu-aniztasuna irudikatzen duen sinbologia ikusgarri egiten: Zarauzko plaza eta ikastetxeetan ortzadarraren koloreetako bankuak jarriz, lurpeko pasabidean ortzadar bat margotuz edo Malekoiko Dama eskultura maiatzaren 17aren inguruan kolore anitzeko kapa handiarekin apainduz”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak.
Ospakizun honen baitan, datorren maiatzaren 20an, asteazkenez, 18:30ean, Emakumeen* Etxean bertso saio berezi bat egingo da, LGTBI+fobiaren aurkako mezua zabaltzeko helburuarekin.
Saioan parte hartuko dute:
• Aner Peritz
• Uxue Alkorta
• Maider Arregi
• Amaia Agirre, gai-jartzaile moduan.
Gainera, Berdintasun Sailak tokiko diagnostiko bat egin du, LGTBI+ eskubideen defentsan eta udalerri askotarikoago eta inklusiboago baten eraikuntzan aurrera egiten jarraitzeko protokolo espezifiko bat lantzeko abiapuntu gisa.


