ZARAUTZEK ZALEENTZAKO GUNE BAT IZANGO DU ZELAI ONDON REALAREN KOPAKO FINALAZ GOZATZEKO

2026/04/15

Zarautzek zaleentzako gune bat izango du larunbat honetan Zelai Ondon, Realak larunbat honetan Sevillako Cartujan jokatuko duen Kopako finalak giro paregabean jarraitu eta animatzeko. Pantaila erraldoiaz gain, adin guztietarako pentsatutako egitarau zabala antolatu da, bereziki familiei eta gazteei zuzendua.

Gune hau 17:30etik 20:30era egongo da martxan, arratsalde osoan zehar jarduera ezberdinekin. Ordutegi horretan zehar, aurpegiak margotzeko aukera, photocall-a eta puzgarriak egongo dira etengabe haur eta familientzat.

Musika animazioa DJarekin hasiko da 17:30etik 19:30era zaleen gunean. Ondoren, txarangak hartuko du lekukoa 19:30etik 20:30era Zelai Ondon bertan. Gainera, txaranga herrian zehar ibiliko da 17:30etik 19:30era, giroa berotzen laguntzeko.

Ekimen hau Zelai Ondoko jai batzordearen laguntzarekin antolatuko da, arratsalde osoan giroa dinamizatzen lagunduko duelarik.

Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Kirol zinegotziak azaldu duenez, “ekitaldi hau herriko festa moduan bizitzea nahi dugu, herritarrak, familiak eta zaletuak elkartzeko gune bat sortuz».

Era berean, Zelai Ondoko jai batzordearen inplikazioa eskertu du, “tokiko eragileekin elkarlanean antolatutako jarduerek parte-hartzea eta herri giroa indartzen dituztela” azpimarratuz.

Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Zelai Ondora hurbildu eta familia osoarentzat arratsalde festazale eta kirolzale batez gozatzera.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude