2026/04/16
Hurrengo apirilaren 22an, asteazkenean, “Aitatxo” dokumentala ikusgai izango da Modelo Aretoan, 18:00etan. Dokumental honek seme/alaba baten galeraren dolua azaltzen du aitaren begiradatik. Seme-alabaren bat galdu duten lau aiten testigantzaren bitartez, dokumental honek aiten sufrimendua eta dolu eskubidea plazaratzen ditu. Bakoitzak egoera honi nola aurre egin dion azalduko da dokumentalean, gizarteak duen genero begirada apurtuz, amak gutxietsi gabe, aitei hitza emanez horrelako egoeren aurrean, esperantza mezu bat zabalduz.
Emanaldiaren ondoren, publikoak solasaldi batean parte hartzeko aukera izango du, dokumentalaren gaia sakonago aztertzeko. Solasaldian, dokumentalaren sortzaileak izango dira, eta bertaratutakoek galderak egiteko eta euren ikuspegiak partekatzeko aukera izango dute.
Berdintasun departamentuaren helburuen artean dago gizonak sentsibilizatzea eta inplikatzea, emakumeok jasaten duten diskriminazioarekin bukatzeko. Beraiek ere pairatzen dituzte matxismoaren ondorioak eta dokumental hau horren eredu da.
Ekitaldia irekia izango da publikoarentzat eta sarrera doakoa izango da, aforoa bete arte. Pelikula euskaraz izango da eta gaztelaniazko azpitituluak izango ditu.


