2026/03/25
Ibaien Aldeko Ekintzen Nazioarteko Egunaren baitan, datorren larunbatean, martxoak 28, Igerain errekan auzolan jardunaldi bat egingo da, landare exotiko inbaditzaileak desagerrarazteko eta inguruko hondakinak biltzeko.
Eraztun Berde Urdinaren proiektuaren barruan kokatzen den jarduera hau 10:00etan hasiko da, anbulatorioko biribilgunearen ondoan. Proiektu horren helburu nagusia Zarauzko ingurune naturala zaintzea da, herritarren inplikazioa sustatuz. “Tokiko biodibertsitatea eta udalerriko ekosistemen garrantzia ezagutarazi nahi da, ezagutzen eta baloratzen dena soilik babesten denaren ideiatik abiatuta”, adierazi du Eraztun Berde Urdinaren ardura duen Gloria Vazquezek zinegotziak (PSE-EE).
Ekimen honek jarraipena ematen dio aurreko urteetan egindako lanari. 2024an, herriko gazte talde batekin elkarlanean, hondakinak eskuz bildu ziren eta zuhaitzak landatu ziren ibaiaren ertzean. 2025ean, herritarren parte-hartzeari esker, krokosmia bezalako landare inbaditzaileak kendu ziren, ibaiaren ertzak garbitu ziren eta aurreko urtean egindako landaketak berrikusi ziren.
Aurten, helburua da naturgune hori berreskuratzen jarraitzea, eta, horretarako, herritarrei parte hartzeko deia egin zaie.
“Ibaiak zaintzea funtsezkoa da biodibertsitatea babesteko, uraren kalitatea hobetzeko eta gune horiek komunitate osoaren topaleku eta gozagarri izateko. Ekintza txikiek, hala nola espezie inbaditzaileak kentzeak edo hondakinak biltzeak, zuzenean laguntzen dute ibai-ekosistemen osasunean”, gaineratu du Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak.
Jardunaldiarekin bat egin nahi dutenek oinetako egokiekin (katiuskak edo antzekoak), arropa erosoekin eta laguntzeko gogoz joan beharko dute. Gainerako materiala antolakuntzak emango du.
Parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da zarautz@eraztunberdeurdina.eus helbide elektronikoan edo 943 00 51 09 telefonoan.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekintza kolektibo horretan parte hartzera, eta gogorarazten du ibaiak zaintzea erantzukizun partekatua dela eta inbertsio bat gure ingurune naturalaren etorkizunean.

