2023/07/05
Emakumeen* Etxeak Zarauzko Emakume* Sortzaileen Azoka antolatu du uztailaren 15erako. “Ekitaldi honen helburu nagusia gure herriko emakume sortzaile, artista, artisau eta ekintzaileek egindako lan baliotsua ikusaraztea da, beren talentuak erakusteko aukera eskainiz eta beren presentzia indartuz”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak.
Azoka Belauntzaran plazan eta Malekoian egingo da, Emakumeen* etxearen inguruan, 10:30etatik 14:30etara. Bitarte horretan, hainbat postu jarriko dira, emakume sortzaileek beren lanak erakusteko aukera izan dezaten. Bertaratzen direnek adierazpen artistiko eta sortzaile ugariz gozatu ahal izango dituzte, hala nola pinturak, collageak, artisautza, ilustrazioak, moda diseinuak eta osagarriak, bitxiak, herbologia, fantasiazko makillajea, scrapbooking-a eta beste asko. Guztira, 26 izango dira azoka honetan parte hartuko duten emakume sortzaileak.
Inspirazio jardunaldi hau meditazio tailer batekin hasiko da, Amaia Lainez Visanzay-ren eskutik. Klase honen helburua bake, lasaitasun eta erlaxazio une bat eskaintzea da, gure barruarekin konektatzeko, gure beldur, segurtasun gabezia eta sinesmen mugatzaileetatik askatuz, eta horrela gorputza zein burua erlaxatu ahal izateko.
Meditazio tailerrean parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman dezakete izena Emakumeen* Etxean (Nafarroa kalea, 3). Izena emateko deitu 943 005 136 telefonora edo bidali mezu elektroniko bat emakumeen-etxea@zarautz.eus helbidera. Tailerra doakoa da, gaztelaniaz emango da eta plazak mugatuak dira. Beraz, aldez aurretik izena ematea gomendatzen da.
“Zarauzko Emakume* Sortzaileen Azoka ekimen aberasgarria eta talentuz betea izatea espero dugu. Bertan, sormenerako eta ekintzailetzarako grina duten emakumeak bilduko dira. Emakumeen* Etxeak zarauztar guztien parte hartzea espero du ekitaldi hau babestu eta gozatzeko”, gehitu du Vazquezek.
Informazio gehiago nahi izanez gero, sartu Emakumeen Etxeko webgunean:
www.emakumeenetxea.zarautz.eus