EAJ-PNVK ETA PSE-EEK GOBERNAGARRITASUN AKORDIOA SINATU DUTE ZARAUZKO UDALEKO 2023-2027 LEGEALDIRAKO

2023/06/30

EAJ-PNVk eta PSE-EEk 2023-2027 legealdirako gobernu ituna sinatu dute. Aurreko bi agintaldietan egindako elkarlanari jarraipena emanez, bi alderdiek koalizioko gobernua osatuko dute datozen lau urteetan Zarauzko Udalean.

Elkarlana eta koordinazioa sustatzeko asmoz, bi alderdiek izango dute ordezkaritza Udaleko kudeaketa eta erabaki organoetan. Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkatearekin batera, Jesus Arana (EAJ-PNV) izango da alkateordea, Gloria Vazquez (PSE-EE) 2. alkateordea eta Irune Urbieta (EAJ-PNV) 3. alkateordea.

“Alderdien desberdintasunetatik haratago, berriro ere Zarautzen eta zarauztarren alde lan egiteko akordiora iristeko gaitasuna izan dugu”, adierazi du Irune Urbieta, EAJ-PNV udal taldeko bozeramaileak. “Azken 8 urteetan izandako elkarlanaren ondorioz, bi udal taldeen artean Zarauzko Udal gobernua berriro osatzea adostu dugu eta gogotsu eta ilusioz gaude herriaren alde lan egiten jarraitzeko”.

Bere aldetik, Gloria Vazquez bozeramaile sozialistak adierazi duenez, “Herritarrentzat positiboa da bi alderdi desberdinen arteko akordio hau, alde batetik erakundeari egonkortasuna ematen diolako eta gobernuaren jarduera aberasten duelako, eta bestetik, Zarauzko herritarren aniztasunaren ordezkaritza handiagoa dakarrelako ere”.

Alderdi bakoitzaren ardurei dagokionez, hauek izango dira EAJ-PNVk kudeatuko dituen sailak:
 

  • Hirigintza eta Etxebizitza.
  • Azpiegiturak, Obrak, Zerbitzuak eta Bizitza Kalitatea.
  • Gizarte Politikak.
  • Euskara, Kultura, Hezkuntza eta Gazteria.
  • Hiri Segurtasuna eta Mugikortasuna.
  • Gobernantza eta Partaidetza.
  • Garapen Ekonomikoa, Merkataritza, Turismoa eta Jaiak eta Ekitaldiak.
  • Herritarren Arreta Zerbitzua (HAZ).
  • Ogasuna eta Finantzak, Kontratazioa eta Ondarea.
  • Bizikidetza.
  • Zarautz 2030, Proiektu estrategikoak eta Berrikuntza.

Aldiz, hauek izango dira PSE-EEk kudeatuko dituen sailak:

  • Animalien Ongizatea.
  • Ingurumena, Landa Garapena eta Merkatu plaza.
  • Parekidetasuna eta Emakumeen etxea.
  • Kirola.

Datozen lau urte hauetarako, bi alderdien hauteskunde-programetan aurreikusitako jardun-arloak bateratuz, 13 puntuko gidalerro bat osatu da:

1.    Etxebizitza

II Etxebizitza Plan garatuko dugu. Etxebizitza berrien eraikuntza bultzatuz eta alokairura bideratutako etxebizitzak eraikiz. Bereziki Amillubi eta Itxasmendi areako garapena bultzatuko da.

Etxebizitzen birgaikuntza sustatzeko mota desberdinetako neurriak sustatuko dira.

Era berean, hutsik dauden etxebizitzak merkaturatzea sustatzea saiatuko gara besteak beste Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Departamentuko Bizigune plana bultzatuz.

2.    Gazteria:

Gazteria Departamentutik 30 urte bitartekoentzat, modu partehartzailean, Plan berri bat garatuko da. Plan honen baitan, besteak beste, gazteek emantzipaziorako dituzten oztopoak landuko dira eta udal mailan hartu daitezkeen neurriak proposatuko dira.

3.    Jasangarritasuna:

Onartuta ditugun plan desberdinetan oinarrituta, eta milurteko helburuekin lerrokatuta, neurri zehatzak garatuko ditugu Zarautz jasangarriagoa izan dadin. Udal mailako energia berriztagarriak sortu eta hauen kontsumoa garatzeko proiektuak bultzatuko ditugu.

4.    Ingurumena:

Eraztun Berde-Urdina garatzen eta Zarauzko naturguneak eta biodibertsitatea babesten jarraituko dugu, baita herritarrak sentsibilizatzeko kanpainekin ere. Tokiko klima-aldaketari aurre egiteko Aldaketa Klimatiko Plana egingo dugu.

5.    Pertsonak:

Udal departamenduekin eta hirugarren sektore sozialeko elkarteekin, aukera-berdintasuna eta zarauztar guztientzako benetako integrazioa lortzeko politikak bultzatzen jarraituko dugu. Pertsona eta komunitatea etorkizuneko Zarautz herri zaintzaile eta lagunkoi baten oinarri.

6.    Parekidetasuna:

Emakumearen Etxearen proiektua indartuko dugu. Berdintasunerako Ordenantza ezartzeko lanean jarraituko dugu, diskriminazio sexistak eta indarkeria matxistaren adierazpen guztiak amaitzeko bidea eginez.

7.    Ekonomia eta Enplegua:

Herri ekonomia eta kalitatezko enplegua sustatzeko politikak garatuko ditugu, herriko agenteekin elkarlanean, bereziki garapen teknologikoan oinarrituta eta eten digitala murrizteko neurriak hartuaz. Lan bat lortzeko zailtasun handienak dituzten biztanle-taldeekin ahalegin berezia eginez

8.    Kirola:

Zarautz maila guztietako kirol jarduera tasa altua duen udalerria da. Eremu honetako beharrei erantzuteko, ezinbestekoa da kirol instalazioak handitzen eta egokitzen jarraitzea.

9.    Euskara:

Zarautzek ezaugarri bat badu, zerbait berezkoa eta bereizgarria euskararentzat eta euskal kulturarentzat arnasgune izatea da. Euskara gehien ezagutzen eta hitz egiten den 20.000 biztanletik gorako udalerria da. Euskararen ezagutza eta erabilera mantendu eta bultzatzeko konpromisoa hartzen dugu. Hori garatzeko, ekintza eta programa berriak bultzatuko ditugu elkarte eta erakundeekin batera. Hori guztia pertsona guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuz garatuko da, inolako diskriminaziorik gabe.

10.    Gobernantza Irekia:

Pertsonari ematen zaion zerbitzu kalitatea hobetzen jarraituko dugu. Bereziki entzute aktiboa bultzatu nahi dugu. Herri eragileekin eta auzo elkarteekin harremanetan, mahai iraunkor eta prozesu partehartzaile anitzak sustatuz eta komunikazio eta informazio kanalak hobetuz.

11.    Bizikidetza:

Helburu nagusia bakean oinarritutako gizartea eta bizikidetzaren normalizazio soziala lortzea da. Zarauzko Udalak ezberdinen arteko elkarrizketa sustatuko du eta Zarautzen Giza Eskubide guztien errespetuan oinarritutako elkarbizitza-kultura garatuko du.

•    Zarauzko Udal Gobernuak bizikidetza plan bat garatuko du.
•    Arrosategi parkean, urtero ospatzen den indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortzeko memoria ospakizuna mantenduko da.

12.    Trenaren lurperatzea:

Bi alderdiok, Udal bezala aurreko agintaldian hartutako konpromisoak landuko ditugu eta lurperatzearen alde lan egingo dugu.

13.    Hiri zuhaiztia:

Onartu berri dugun “Zarauzko Zuhaitzen Plan Zuzentzailean” oinarrituta, hiri-zuhaiztia zaindu eta babesten dituen ordenantza bat egiteko konpromisoa hartzen dugu.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude