2023/02/06
Urte asko dira Zarauzko Udalak “Plastibistak” kanpainarekin bat egiten duela erabilera bakarreko plastikoen kontsumoa murrizteko. Ildo honetatik jarraituz, urte hasierarekin batera, beste ekimen bat abiatu du Ingurumen departamentuak ingurumenarekiko konpromisoa eta Plastikorik Gabeko Zarautz baten alde egiteko. Horrela, Udalak, Zarauzko ostalariei iturriko ura banatzeko kristalezko pitxer berrerabilgarriak doan emango dizkie.
Europar Batasunak ezarritako hondakinen legedi berriaren arabera, tabernek eta jatetxeek kontsumitzaileei iturriko ura doan kontsumitzeko aukera eskaini behar diete, kontsumo jarrerak aldatzeko eta plastikozko ur botilen kopurua murrizteko. Helburu hauek lortzen laguntzeko asmoarekin, 1.000 kristalezko ur pitxer banatuko ditu Udalak ostalarien artean.
Pitxerrak doan eskuratzeko interesa duten ostalariek Zarauzko Udaleko Agenda 21 Departamentuarekin harremanetan jarri behar dute lehenbailehen banaketa antolatzeko, eta taberna/jatetxe bakoitzak zenbat ur pitxer jaso nahi duen jakinarazi beharko dute telefonoz (943 00 51 59).
Zarauzko Agenda 21 Departamentuak eta Ingurumen zinegotziak eskerrak eman nahi dizkie herriko ostalariei eta herritarrei ingurumenari buruzko sentsibilizazio kanpainetan parte hartzeagatik: “Herritar guztiei eragiten digun gaia da eta gure esku dago aurrerapausoak ematea”.