2023/02/10
Nazioarteko Emakumeen Egunerako hilabete eskas geratzen da eta, gaurkoan, Parekidetasun departamentuak aurtengo M8ko kartel lehiaketako lan irabazlea aurkeztu du. Irabazlea Ainize Txopitea artista zarauztarra izan da “Memoria emakumea gizartean” lanarekin eta lehen sariaren 400 euroak jasoko ditu.
“Eskerrak eman nahi dizkiet aurtengo lehiaketan parte hartzera animatu diren pertsona guztiei”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Jasotako lanen bataz besteko maila oso altua izan da beste behin”.
Bestalde, Publikoaren Sarian parte hartzeko epea oraindik zabalik dago eta Parekidetasun departamentuaren Facebook-aren bitartez eman beharko da bozka. Sari honen irabazlea datorren astean jakinaraziko da.
Guztira 40 pertsonak hartu dute parte kartel lehiaketan, horietatik 13 zarauztarrak, eta jasotako lan guztiak jada Emakumeen* Etxean osaturiko erakusketan daude ikusgai.
Kartel irabazlea – Memoria emakumea gizartean (Ainize Txopitea)