PLASTIKOEN KUTSADURA MURRIZTEKO “PLASTIBISTAK” KANPAINA AURKEZTU DU ZARAUZKO UDALAK

2022/09/16

Gaur goizean, Zarauzko Udalak “Plastibistak” izeneko kanpaina aurkeztu du, Emaus Fundazioarekin elkarlanean. Kanpaina honen helburua naturan dagoen plastikoen kutsadura murriztea da, arreta berezia jarriz erabilera bakarreko plastikoengan.

Eta zeintzuk dira plastibistak? “Plastibistak gure bizitzetan plastikoaren erabilera murrizten ari garen pertsonak gara”, azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Plastibista izateko, gure bizitzan plastikoen erabilera murrizteko erabiltzen ditugun teknikak eta jokabideak kontatu behar dira, besteek berdin egin ahal izateko. Ohitura jasangarriak, osasungarriak eta eredugarriak ez daukate inolako copyright-ik, alderantziz, zabaldu egin behar dira. Kasu hauetan kopiatzea gomendatzen da. Azken finean, kanpaina honen bitartez sortuko duguna plastikoak murrizteko praktika egokien sare bat da”.

“Oso argi daukat ohiturak aldatzeko ondo egiten dena agerian jarri behar dugula. Praktika txarrak kritikatzeaz gain, praktika onak zabaldu egin behar ditugu, gainontzekoek ikasteko eta gure ohiturak hobetzeko. Plastibistak kanpaina honekin horixe egin nahi dugu:  praktika onak zabaldu nahi ditugu ondo egiten duguna lehenengo planoan jarriz”.
Kanpaina honen baitan, alde batetik, Zarautz mailan, www.plastibistak.eus webgunea sortuko da, bertan plastibisten praktika onak jakinarazteko, mapa baten bidez. Webgunean, gainera, plastikoen erabileraren legediari buruzko informazioa aurki daiteke, erraz ulertzeko eta hainbat datu interesgarri.

Webguneaz gain, Merkatu Plazako lehen pisuan erakusketa bat egongo da ikusgai astelehenetik aurrera. Bertan, alde batetik, EHUren Eibarko fakultateko Energia Berriztagarrien graduko ikasleek gaiaren inguruan egindako lanak ikusgai egongo dira, plastikozko ur botilek ingurumenean eta gure osasunean daukaten eragina agerian uzteko. Bestalde, Emausek kudeatzen duen gizarteratzeko eguneko zentroan egindako figurak daude, Gipuzkoako hondartzetan aurkitzen diren zabor motak erakusten dituztenak. Erakusketa, esan bezala, astelehenean irekiko da eta ordutegia honakoa izango da: astelehenetik igandera 10:00etatik 12:00etara, eta, ostegunetik larunbatera, arratsaldez ere irekiko da, 17:30etik 19:30era.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude