HONDARTZA GARBI MANTENTZEAREN GARRANTZIAZ KONTZIENTZIATZEKO KANPAINA ABIATU DU UDALAK

2022/09/15

Gaur goizean Zarauzko Udalak, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboarekin batera, hondartza garbi mantentzearen garrantzia azpimarratzeko kanpaina aurkeztu du. Kanpaina honetan, Zarauzko ikastetxeetako adin guztietako ikasleak txandatuz joango dira hondartzan zehar aurki daitezkeen hondakinak, bereziki plastikoak eta mikroplastikoak, jaso eta hauek aztertzeko.

Abendura bitartean, ikasle zarauztarrak, Mater Museoko ordezkarien laguntzarekin, hondartzara bisitak egingo dituzte eta, amaieran, jasotako hondakinen inguruko txosten bat eratuko da, gure hondartzaren egoera azalduko duena.

“Kanpaina honen helburua, gaztetxoak eta euren familiak arazo honen inguruan sentsibilizatzea da”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Orain dela urte asko hasi ginen ikastetxeekin batera sentsibilizazio kanpaina hauek martxan jartzen, eta aurrerantzean ere jarraituko dugu, oso garrantzitsuak baitira era honetako ekimenak.

“Denok argi daukagu oso garrantzitsua dela hondartzak garbi mantentzea, batik bat hondakinak itsasora irits ez daitezen. Gure hareatzak garbi mantentzea denon ardura da”.

Guztira, 705 ikasle zarauztar inguruk parte hartuko dute datozen asteetan ekimen honetan. “Ikasleek beraiek, Eskolako 2030 Agendaren bitartez, era honetako kanpainetan parte hartu nahi dutela adierazi digute”, gehitu du Vazquezek.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude