LGTB+ HARROTASUNAREKIN ERLAZIONATURIKO BI EKITALDI ANTOLATU DITU PAREKIDETASUN DEPARTAMENTUAK

2024/06/07

Maiatzaren 17a, LGTB+ Fobiaren Aurkako Eguna, eta Ekainaren 28a, LGTB+ Harrotasunaren Eguna direla eta, Parekidetasun departamentuak, Naizen elkartearekin batera, jarduera bat egingo du, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditu, oso interesgarria izango baita. Emakumeen* etxean izango da, ekainaren 13an, 18:30ean.

“Lege-aldaketa eta aurrerapen sozial asko lortu diren arren, LGTB+ pertsona askok diskriminazioari eta indarkeriari aurre egiten jarraitzen dute”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak. “Zoritxarrez, oraindik ere intolerantzia dago genero-aniztasunarekiko eta sexu-askatasunarekiko, eta intolerantzia hori, batzuetan, hitzezko eraso eta eraso fisiko bihurtzen da. Hori onartezina da, eta lanean jarraituko dugu pertsona guztiak errespeta daitezen, edozein dela ere haien sexu-identitatea”.

“Joan den maiatzaren 17an, LGTB+ Fobiaren Aurkako Eguna ospatu genuen, eta ostadar bandera ikusarazi genuen, sexu-aniztasunaren ikurra, eta antzerki-emanaldi bat ere egin genuen”, gogoratu du Vazquezek. “Datorren ekainaren 13an, iragarritako programazioarekin jarraituko dugu, eta 40 minutu inguruko dokumental interesgarri bat ikusi ahal izango dugu, Trans-formatzen izenekoa. Dokumental honen bidez, Naizen Elkarteak ikusgarritasuna eman nahi izan die haur eta nerabe transexualei. Emakumeen* etxean Naizen elkarteko kideak ere izango ditugu, dokumentala ikusi ondoren solasaldia egin ahal izateko”.

“Naizen elkarteak Trans-formatzen dokumentalaren bidez ikusgarritasuna eman nahi dio gure artean hain ezezaguna den haur eta gazteen transexualitateari. Pertsona transexualen eta adituen ahotsaren bidez, informazioa eta doinu poetikoa uztartuz, dokumental labur honek transexualitatea zer den eta zelan bizi den kontatzen digu. Ikus-entzunezkoaren ostean, testigantzak zuzenean entzuteko aukera izango duzue, eta, nola ez, zuen zalantzak eta galderak plazaratzeko ere” adierazi dute Naizen elkarteko kideek. “Eskertzekoa da Zarauzko Udalak haur eta gazteen transexualitatearen inguruko ezezagutzari aurre egiteko ekintza hau programatzea, izan ere, zabaldutako gezurren aurrean geratzen zaizkigun baliabideak ezagutza eta maitasuna dira, eta horiekin gerturatuko gara Naizenetik Zarautzera”.

Programatutako ekitaldiei amaiera emateko, ekainaren 19an, 19:00etan, beste dokumental bat ikusi ahal izango dugu Modelo zineman, Alba Crosek eta Nora Haddadek zuzendutako Alteritats (Otredades). Igaro dituen jaialdi guztietan goraipatua eta Gaudi sarietarako 2 izendapenekin, maitasun lesbikoaren ospakizun bat da. Kataluniako lesbianen lau belaunaldiren bizipenei helduz, Maria Arnalen laguntza musikal bikaina du.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude