2024/06/11
Larunbat honetan ospatuko da Zarauzko Emakume Sortzaileen II Azoka. Joan den urteko esperientzia aberasgarriaren ondoren, azoka egun guztian zehar zabaltzea erabaki du Parekidetasun departamentuak. Honenbestez, larunbat honetan, ekainaren 15ean, goizeko 10:30etik aurrera, 25 postu izango dira Belauntzaran plaza eta Malekoian zehar, 25 sortzaile zarauztarren eskutik.
“Departamentuaren helburuetako bat da emakumeei ikusgarritasuna ematea. Arlo askotan bezala, sormen arloan ere emakumeak bigarren plano batean gaude eta, azoka honen bitartez, herriko emakume sortzaileak ezagutaraztera ematea nahi dugu”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE), Parekidetasun zinegotziak.
Larunbatean aurkituko ditugun postu hauetan zehar arlo eta disziplina orotariko produktuak ikusi eta erosteko aukera izango da.
Jardunaldian zehar, azokarekin batera, hainbat ekitaldiz osaturiko egitaraua ere izango da:
10:30 – Irekiera
12:30 – Trikitilariak
16:30 – Haurrentzat sorkuntza tailerrak (Belauntzaran plaza)
18:30 – Ane Arrutiren kontzertua (Malekoia)
19:30 – Itxiera