Parekidetasuna NAZIOARTEKO EMAKUMEAREN EGUNA OSPATZEKO HAINBAT EKIMEN ANTOLATU DITU ZARAUZKO UDALAK Urtero bezala Zarauzko Udaleko Parekidetasun departamentuak martxoaren 8aren harira egitaraua prestatu du, Berdintasun kontseiluarekin elkarlanean. “Martxoaren 5ean Zingira basoa “Emakume zientzialarien basoa” izendatuko dugu eta bertan plaka bat jarriko dugu. Ondoren Torre Luzea eta Belauntzaran plazako lorategietan, emakume zientzialarien lana aitortzeko, hainbat irudi eta txartel jarriko ditugu. Ekimen honen helburua gure gizartearen hainbat arlotan emakumeen lana eta ekarpenak ikusaraztea eta aitortzea da. Kasu honetan, eta adibide batzuk eredu bezala hartuta, zientzia arloan emakumeek egiten dituzten hainbat lanen berri jakinarazi nahi diegu herritarrei. Parekidetasun departamentutik ahalegina egingo dugu helburu hori lortzeko”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. Martxoaren 8ko egitarauari dagokionez, Torre Luzean Martxoaren 8ko kartel lehiaketako kartelen erakusketa inauguratuko da. Hauek martxoaren 14ra arte egongo dira ikusgai, arratsaldetan, 18:00etatik 20:00etara. Arratsaldeko 18:00etan Modelo aretoan “The Glorias” filma ikusteko aukera izango da. Pelikula honek 70eko hamarkadan mugimendu feministaren liderra izan zen Gloria Steinem-en bizitza kontatzen du. Honez gain, martxoaren 12an, 18an eta 31n Modelo aretoan eta arratsaldeko 19:00etan ondorengo ikuskizunak izango dira: Martxoaren 12an, “35 huts” antzezlana: Eszenan Esti Curiel aktore zumaiarra, zuzendaritzan Miren Gojenola eta testua idazten Aitziber Garmendia. Hiru emakume hauek, familien oinordetza emozionalak, amatasuna eta heriotza bezalako gai sakonetan humoretik murgiltzeko elkartu dira. Martxoaren 18an, “No es país para negras” antzezlana: Bizi garen gizarte arrazistaz gogoeta egitera behartzen duen Komedia dramatikoa da; lehen pertsonan idatzitako lan autorreferentziala da, oharkabean pasatzen diren mikro arrazismoak eta arrazakeria sotila ikusgai uzten dituena. Ikuskizun hauetarako sarrerak internet bidez edota Modelo aretoko leihatilan eros daitezke. Amaitzeko, martxoaren 31n “Por ser mujer” dokumentala ikusteko aukera izango da, doan. Dokumental honetan Julia Leon abeslariak eta Luisa Postigo irakasleak euren bizipenak kontatuko dizkigute. Biak feministak izan ziren Franco garaian Madrilen eta euren familien kodigo moralak zalantzan jarri zituzten. Julia Leon bera bertan izango da solasaldia egiteko eta abestiren bat kantatzeko. “Parekidetasun departamentutik dei egin nahi diegu herritar guztiei antolatutako ekitaldietan parte hartzeko eta balkoietan eta leihoetan Martxoaren 8ko banderolak jartzeko. Aurreko urteetan 3.000 banderola banatu genituen. Aurten ere banderolak jaso ditzakezue Emakumeen * etxean”, burutu du Vazquezek.