ATZERRITARREN IKASKETAK HOMOLOGATZEKO AHOLKULARITZA ZERBITZUA JARRI DU MARTXAN UDALAK

Zarauzko Udalak atzerritarrei euren ikasketak eta formakuntza homologatzeko aholkularitza zerbitzua jarri du martxan. Immigrazio eta Berdintasun Sailek antolaturiko zerbitzu hau Emakumeen* Etxean egongo da eskuragarri hileko azken ostiraletan, 14:00etatik 18:00etara.

Datuen arabera, Euskal Autonomi Erkidegora atzerritik iristen diren 10 lagunetik, hiruk erdi mailako ikasketak dituzte, eta beste bik, goi mailakoak. Baina ikasketa horiek balio izateko, homologatu egin behar dira. Martxan jarri den zerbitzu honen bitartez homologazio prozesu hori egin nahi duten pertsonei aholkularitza eta laguntza emango zaie.

“Zerbitzu honekin helburu bikoitza lortu dugu: Alde batetik, herritarrak atzerrian dituzten ikasketa agiriak homologatzeko animatzea, beraientzat ez ezik gizarte osoarentzat ere onuragarriagoa baita. Eta bestetik, malkartsua izan ohi den tramitazio horretan laguntza eskaintzea” adierazi du Iratxe Zorrozua (EAJ-PNV) Immigrazio zinegotziak.

“Gure herrira iristen diren pertsonetatik, oso gogorrak diren lan horiek egitera datozen emakumeak asko dira” azaldu du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Gure helburua, Emakumeen* Etxea, Zarauzko emakume guztien etxea izatea da. Etxe honetako ateak parez pare ireki nahi dizkiegu jatorri dela eta, diskriminazio bikoitza jasaten duten beste herrietatik Zarautzera etorri diren emakumeei: alde batetik, emakume izateagatik; eta bestetik, etorkin izateagatik.

Bidez Bide elkarteko kideek Emakumeen* Etxean eskainiko duten zerbitzu honi ostiral honetan bertan emango zaio hasiera. Arreta jasotzeko, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da 943 00 51 17 telefono zenbakian edo emakumeen-etxea@zarautz.eus helbide elektronikoan.

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude