2025/02/27
Aurtengo Emakumearen Nazioarteko Egunerako leloa “Ni feminista naiz” da. Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak adierazi bezala, “indarkeria matxista eta emakumeenganako diskriminazioa bezalako gai larrietan negazionismoak gora egin duen garai honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da feminismoa aldarrikatzea. Aldarrikapen feministari esker, gaur ospatzen ari garen aurrerapauso handiak lortu ditugu berdintasunaren arloan, eta lanean jarraituko dugu, oraindik lan handia baitago gizonen eta emakumeen arteko erabateko berdintasuna lortzeko”.
Berdintasun departamentuak bi ekintza nagusi prestatu ditu M8ko jardunaldi honen baitan. “Alde batetik, ‘BAGATOZ.BAGAUDE.BAGARA!’ kanpaina jarriko dugu martxan, kalean presentzia duen kanpaina, herritarrekiko zuzeneko interakzioa bilatzen duena. M8ko hau aste osoan zehar ikusarazi nahi dugu, kalean egon dadila emakumeek gizonekiko erabateko berdintasunaren alde egiten duten aldarrikapena, eta gizonak ere aldarrikapen horretara batu nahi ditugu”, azaldu du Vazquezek.
Kanpainaren beste helburu bat da indarkeria matxistarekin amaitzeko oinarri gisa harreman positiboak sustatzearen garrantzia nabarmentzea. Kanpaina asteartean, martxoak 4, hasiko da, 18:00etan, Langako plazan egingo den ekitaldi batekin. Bertan, zuhaitz enbor bat margotuko da feminismoaren aldeko borrokaren sinbolo iraunkor gisa. “Zerbait parte-hartzailea izatea nahi dugu, eta, beraz, bereziki gonbidatzen ditugu emakumeak bertara daitezen”, gehitu du Berdintasun zinegotziak.
Kanpainako beste ekitaldi garrantzitsua martxoaren 7ko bertso saio musikatua izango da, 19:00etan, Modelo Aretoan. ‘Bideak urratzen gaitu’ izenburua izango du. Bide horietatik, bizi-ibilbide horretatik, gure nortasuna eta pentsamoldea eraikitzen joan gara, askotan gatazkan. Bidea irekitzea ez da lan erraza, eta, askotan, ahalegina eskatzen du, eta inpaktu handia eragiten du haren bizitzan eta ingurunean.
Bertsolariak Uxue Alkorta, Aner Peritz, Maider Arregi eta Miren Artetxe izango dira, eta musikariak, berriz, Nora Eizagirre eta Libe Goenaga. Ainhoa Agirrezaldegik gidatuko du saioa, eta, gonbidatu gisa, Zarauzko Hasiberrien Bertso Eskola Feminista izango da. Sarrera doakoa izango da eta Modelo Aretoko leihatilan eskuratu ahal izango dira ekitaldia hasi baino 45 minutu lehenago.
Azkenik, Emakumeen Etxean banderola moreak jaso eta balkoietatik zintzilikatzera animatu nahi zaituztegu. Morez beteko ditugu Zarauzko kaleak 8M honetarako.
