ZARAUZKO GEOLOGIA AZALTZEKO PANELA JARRI DU UDALAK SANZ ENEA PAREAN

2023/06/07

Zarauzko Udala, Ingurumen departamentuak sustatuta, herriko geologiaren inguruko informazio panel bat jarri du Sanz Enea kultur etxearen atarian. Panel hau Vicente Iribar EHUko Geologia irakasle zarauztarrak osatu du.

Lege Zaharren enparantzan (1995) eta Salberdinen (2020) egindako indusketetan, sei bat metroko sakoneran hainbat ‘harribola’ aurkitu ziren, harearekin nahastuta. Harri hauen interes geologikoa ikusita, Udalak gordetzeko erabakia hartu zuen eta herriko hainbat guneetan eta biribilgunetan ikusgai jarri dira azken urteetan.

“Herritar baten proposamena iritsi zitzaigun, ‘harribola’ hauen inguruko informazioa herritarrei helarazteko. Egia esan, izaki bizidunei buruz asko hitz egiten dugu, ekosistemaren parte biotikoari buruz, baina geologia ere naturaren parte da eta gure historia geologikoak erlazio zuzena dauka gaur egun dauzkagun ekosistemekin”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) jarduneko Ingurumen zinegotziak. “Uste dugu herritarren artean gure herria nolako zen eta gaur egungo eremua nola sortu den ezagutzeko jakinmina dagoela”.

‘Harribola’ hauek Eozeno garaiko hareharriez daude osatuta, eta lurpean daude beste sedimentu-depositu batzuekin batera. Horietako batzuek balanus krustazeoen (itsas ezkurrak) fosilak dituzte pitzaduretan sartuta. Eta horrek esan nahi du garai batean ‘harribola’ horiek kosta-lerroan egon zirela. Duela 5.000 urte inguru, itsasoaren maila egungo kotara iritsi zen, eta kosta-lerroa 500 bat metro barrurago zegoen. Itsaslabarraren oinean zeuden harkaitzak urak eraman zituen hondartzetara. Gero kostaldeko dunak sortu ziren.

DESKARGATZEKO

Zarauzko ezaugarri geologikoak – panela (PDF 32,5MB)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude