2022/03/23
Urtean zehar, Udaleko Lorezaintza departamentuak herriko zuhaitzen zainketa egiten du bakoitzaren egoera aztertu ondoren. Kaltetutako zuhaitzak ordezkatzeaz, behar dutenak kimatzeaz eta lekuz aldatu behar direnak mozteaz arduratzen da departamentua.
Zarauzko hirigunean 11.500 zuhaitz ale inguru daude katalogatuta, Vista Alegre, zingira eta Talaimendi parkeetakoak eta herriko komunitate eta finka pribatuetako zuhaitzak kontuan hartuta.
Patxi Elola (PSE-EE) Lorezaintzako zinegotzi arduradunak nabarmendu duenez, “aurten fatxada atlantikoko basoetako espezie autoktonoen landaketak nagusitu dira, hala nola gurbitzak, arteak eta artelatzak, zeinak Garate eta Santa Barbarako biotopo babestuetan dauden”. Elolak adierazi du garrantzitsua dela “Zarauzko landarediaren biodibertsitatea handitzea ere espezie exotikoak landatuz”.
Zinegotziak gogorarazi duenez, “herriko zuhaitzei dagokionez, jarraibidea, kentzen den zuhaitz ale oro ordezkatzea da. Hau da, obren edo berrikuntza lanen ondorioz zuhaitz bat kendu behar den lekuetan, kaltetutako aleak birlandatzen saiatzen gara gune horretako lanak amaitu ondoren. Adibidez, Gaztainpen eta Lapurdin garatzen ari diren obretan, geldialdi biologikoaren garaian 18 zuhaitz inguru birlandatu dira. Baina mozten diren ale guztiak leku berean edo beste leku batean birkokatuko dira, ale bakar bat ere ez galtzeko. Lanen ondorioz kendu diren gereziondo japoniarren (Prunus yedoensis) edo Fujiyama mendiko gereziondoaren aleei dagokienez, hiri-bilbe osoan zehar birlandatu dira.
Elolak Zarauzko hainbat txokotan ikus daitekeen loraldi ikusgarriaz gozatzea gomendatzen ditu zarauztarrak eta interesa duten pertsonak honako espezie hauek ezagutzera gonbidatzen ditu:
- Lore zuriko udareondoak (Pyrus calleryana chanticleer) Urdanetan eta Araba kalean.
- Fujiyama mendiko gereziondoak (Prunus yedoensis) Gurmendi plazan. luku-erako lore zuriak, hasiera batean arrosak direnak.
- Lore arrosako gereziondoak (Prunus accolade) Igerain plazan.