2025/07/21
Joan den larunbat honetan, uztailak 19, Emakume* Sortzaileen Azoka ospatu da. Ekimenaren hirugarren edizio hau amaitu ondoren, Berdintasun departamentuak oso balorazio positiboa egin du jardunaldiaren inguruan. “Departamentuan azoka hau finkatuta dagoela uste dugu eta oso balorazio positiboa egiten dugu. Eguna ona izan zen eta giroa, ezin hobea”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak. “Guztira, emakume sortzaileen 22 postu jarri ziren. Horietako batzuek beren sorkuntzak jarri zituzten salgai, eta egunaren amaieran oso pozik zeuden emaitzarekin. Beste batzuek beren lanak erakusteko interesa zuten, eta oso pozik zeuden. Izan ere, egunean zehar jende asko ibili zen postuetan zehar, sortzaileekin iritziak partekatzen”.
Azokaren beste alderdi garrantzitsu bat sortzaileen artean sortzen den lotura da. Saretzeko, elkar ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko aukera bat ere bada. “Departamentuan uste dugu azoka sendotuz joan dela hiru urte hauetan, eta garrantzitsua iruditzen zaigu; izan ere, beren lana ezagutarazteko, jendaurrean erakusteko eta arlo horretan diharduten beste emakume batzuk ezagutzeko modu bat da. Guretzat hau ez da ohiko azoka bat. Berdintasun departamentuaren helburua, azoka hau martxan jartzean, emakume sortzaileen lana lehen lerroan jartzea zen, beren burua ezagutarazteko eta beren lanarekin jarraitzera animatzeko erakusleiho bat ematea, eta uste dugu helburu horiek aise betetzen direla”, gaineratu du Vazquezek.
Azoka amaitzean, eguneko protagonisten balorazioak jaso ziren idatziz, eta oso positiboak izan dira: “Eskerrak eman dizkigute azoka hau antolatzeagatik, eta mantentzeko eskatu dute. Hobetu beharreko alderdi gisa, arratsaldean luzatzeko eskatu digute, eta interesgarria izan daitekeela uste dugu. Datorren urteko deialdiari begira aztertuko dugu”, amaitu du Berdintasun zinegotziak.