EMAKUMEEN* ETXEKO MAHAIAK BI EKINTZA ANTOLATU DITU DATORREN ASTERAKO

2022/02/11

Joan den udan eratu zen Emakumeen* Etxeko Mahaia eta ordutik, partaidetza organo hau osatzen duten emakumeak lanean dihardute berdintasuna ikuspuntu feminista batetik lantzen. Mahaia eratzeko prozesuan Zarauzko emakumeen elkarte guztiei luzatu zitzaien gonbidapena eta, gaur egun, mahaian ordezkatuta daude ZKE emakumezkoen futbol taldea, emakume surflariak , Zarautzon, ONGen koordinadora, ONECA emakume pentsionistak, emakume artisten plataforma A, Arkamurka, ONCE erakundearen ordezkari bat, Artezaleak eta beste emakume batzuk, modu pertsonalean parte hartu nahi dutenak. Guztira 11 emakumek osatzen dute Emakumeen* Etxeko Mahaia.

“Nire konpromiso politikoa hasieratik izan da mahai hau sortzea eta bertan planteatzen diren ekimenak garatzea eta horrela egiten ari gara” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Gure helburua emakumeentzako gune bat eskaintzea da, berdintasunean aurrera egiteko, ahalduntzeko, indarkeria matxistari aurre egiteko, ahizpatasun-sareak sortzeko eta feminismotik gogoeta egiteko”.

“Emakumeen* Etxeko Mahai honek lau bilera egin ditu dagoeneko azken hilabete hauetan eta bertatik hainbat ekimen eta aktibitate ateratzen ari dira. Orokorrean, hitzaldiak, tertulia literarioak, irteerak eta beste proiektu batzuk planteatzen ari dira mahaian” gehitu du Vazquezek.

Hauek dira datozen egunetarako Emakumeen* Etxeko Mahaiak antolaturiko bi ekimenak:

  • “Adineko emakumeenganako indarkeria” hitzaldia, Izaskun Solagaistua Arzaren eskutik.

Otsailak 15 – 19:00 / Udaletxeko Pleno Aretoa

Euskaraz. Sarrera librea aforoa bete arte.

Hitzaldi honekin gure gizartean dagoen arazo larri bat ikusarazi nahi da. Izan ere, adineko emakume askori eragiten dien arren, neurri handi batean ikusezina izaten jarraitzen du.

Helburua indarkeria matxistak adineko emakumeengan duen eragina eta bere ezaugarriak aztertzea izango da. Halaber, hura detektatzeko eta emakumeen ahalduntzea bultzatzeko gakoak azalduko dira. Indarkeria sinbolikoaz eta gure gizartean adineko emakumeenganako dagoen begiradaz ere hitz egingo da.

  • “Emakume artistak ezagutzen” ekimena.

Emakumeen* Etxeko Mahaiak egindako proposamenetatik abiatuz, artearekin erlazionaturiko ekimen hau jarri da martxan, eta honen baitan Arte Ederren museoko “Ikuspuntuak” erakusketara bisita antolatu da. Erakusketa honek museoaren bildumako zortzi lani, genero-ikuspegitik beste begirada bat ematen die. Margolan horietan emakumeak dira protagonistak, baina gizonezkoen ikuspegitik sortu dira. Oraingo honetan, 16 emakumek lan horiei buruzko gogoeta egingo dute, besteak beste, Karmele Jaiok, Izaskun Landaidak eta Isabel Herguerak. Museoak ikus-entzunezko baliabideen bidez jaso ditu haien ekarpenak. Horrela, beste interpretazio bat egitera gonbidatzen dituzte bisitariak, begirada berritzaile batetik.

Bestalde, Bilboko Guggenheim museoan ikusgai dagoen «Emakumeak abstrakziogile» erakusketara ere bisita egingo da. Erakusketa honek XX. mendean emakume artistek abstrakzioari egin dizkioten ekarpenak azaltzen ditu, eta artista horiek ikusezin bihurtzeko prozesua ere erakusten da.

Irteeraren data: otsailak 19, larunbata, 9:30etan Suhiltzaileen biribilgunean.

Izen-emateak otsailaren 17ra arte:

Emakumeen* Etxea, Nafarroa kalea, 3
Telefonoz: 943005136
Email bidez: emakumeen-etxea@zarautz.eus

Parte hartzaile bakoitzak bere autobus-txartelak, museoetako sarrerak eta janaria (aukerakoa) erosi eta ordainduko ditu.

Bilborako irteeraren kasuan, aldez aurretik erosiko dira autobus-txartelak (gutxienez, egun bate lehenago). Txartelak erosteko laguntza behar bada, Emakumeen* Etxearen bitartez egin daiteke. 

DESKARGATZEKO

Adineko emakumeenganako indarkeria – Kartela (PDF 286k)Irteera Bilbora – Kartela (PDF 813k)

You may also like...

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude