2025/10/23
Bularreko minbiziaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Zarauzko Udalak, Berdintasun departamentutik, ekitaldi berezi bat antolatu du. Mabel Lozano zinemagilea eta aktibista etorriko da, 2025eko Goya Sarietara aurkeztu duen Lola, Lolita, Lolaza izeneko laburmetraia aurkeztera.
Data: 2025eko urriaren 23a, osteguna
Ordua: 19:00etan
Tokia: Modelo Aretoa
Lan honetan, Mabel Lozanok lehen pertsonan kontatzen du bularreko minbiziarekin duen esperientzia, eta kontakizun zintzoa, hunkigarria eta umore handikoa eskaintzen du. Animazioaren bidez, gaixotasunak emakumeen gorputzari eta nortasunari nola eragiten dien aztertzen du egileak, eta minbiziaz naturaltasunez hitz egiteko beharra aldarrikatzen du, “emakume gerlariaren” klixea erabili gabe.
Film laburrak ironia erabiltzen du gai zail bat eskuragarriago egiteko, ahanztura onkologikorako eskubideari eta emakume bakoitzak bere gaixotasuna bere erara bizitzeko duen askatasunari buruz hausnartzera gonbidatuz.
“Umorea izan da nire salbamendua. Nire istorioa epikarik gabe kontatu nahi izan nuen, samurtasunez, beldurrez, baina baita barrez ere. Izan ere, barre egiteak ez du sakontasuna kentzen, gehitu baizik”, azaldu du Lozanok.
Ekitaldian, Zarauzko Minbiziaren Aurkako Elkarteko, Iñurri elkarteko eta Emakumeen Etxeko puntu-terapia taldeko ordezkariek ere parte hartuko dute, eta euren esperientziak eta hausnarketak partekatuko dituzte konpainiari, sororitateari eta zaintza komunitarioaren garrantziari buruz.
“Gure helburua, Berdintasun departamentu bezala, nagusiki emakumeei eragiten dien gaixotasun hau ikusaraztea eta gizartea zenbait klixe aldatzeko beharraz sentsibilizatzea da. Oraindik ere tabuak eramaten ditugu emakumeen gorputzaren inguruan, eta emakume askok, gaixotasunari aurre egiteaz gain, beren irudiari buruzko aurreiritzi sozialak jasan behar dituzte. Horrelako jarduerek isiluneak hausten, askatasunez hitz egiten eta emakumeen errealitatean arreta jartzen laguntzen dute”, adierazi du Gloria Vázquez (PSE-EE) Zarauzko Udaleko Berdintasun zinegotziak.
Ekitaldiak emakumeen osasunaren eta ongizatearen inguruan elkarrizketa eta sentsibilizazio gune bat sortzea du helburu, eta Udalak berdintasuna, enpatia eta emakumeen errealitate desberdinen ikusgarritasuna sustatzeko bultzatzen dituen jardueren parte da.


