2025/10/16
Urriaren 16ean Zarautzen gertatutako hilketa matxistaren aurrean, Zarauzko Udalak adierazpen instituzional hau onartu du emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen guztiak salatzeko:
1. Zarauzko Udalak, gaur ezagutu den indarkeria matxistako hilketaren aurrean bere gaitzespen gorena eta sentitzen duen sumindura sakona adierazi nahi du. Emakumeen aurkako indarkeria-mota guztiak beren osotasun fisiko eta moralaren aurkako erasoak dira, eta, ondorioz, giza eskubide guztien urraketa larri eta onartezinak. Hilketa matxismoaren adierazpenik larriena da, bai eta lehen mailako gizarte-arazoa ere, duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren aurka egiten duena, batez ere pairatzen duten emakumeen aurka.
2. Zarauzko Udalak laguntza eta elkartasun osoa ematen die biktimaren senideei eta gertuko inguruneari. Dagoeneko jarri dira beraien eskura indarkeria matxistaren aurrean arreta eta babesa emateko zerbitzu espezializatuak.
3. Emakumeek jasaten dituzten indarkeria matxista guztiak salatu eta erabat gaitzesten ditu, eta herritarrei gogorarazten die gure gizartean oraindik nagusi diren emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen direla, eta Udal hau horren aurka dagoela.
4. Gizarte bidezkoagoa eta berdintasunezkoagoa lortzeko konpromisoa berresten du, bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeria guztien aurkako politika aktiboak, integralak eta koordinatuak garatuz.
5. Herritar guztiei dei egiten die indarkeriaren aurkako borrokan zeregin aktiboa izan dezaten. Guztiok jarrera aktiboa izan behar dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenen aurrean, eta ez dugu onartu behar, ez dugu isilik egon behar, eta gure babesa eman behar diegu indarkeria jasan dutenei; azken batean, banakako eta taldeko erantzukizuna hartu behar dugu eraso matxisten aurrean.
Horregatik guztiagatik, udalak gure udalerrian gertatutako hilketa matxista honen erabateko gaitzespena adierazi du. Eta bihar, ostirala, arratsadaldeko 19:00etan, Lege Zaharren plazan egingo den elkarretaratze publikorako deia egiten du eta herritar guztiak aktiboki parte hartzera gonbidatzen ditu.