2025/08/12
Zarauzko Udaleko Berdintasun departamentuak Puntu Morea jarriko du abuztuaren 14, 15 eta 16an Malekoian, Galtxagorri elkartearen aurrean, eraso matxisten aurkako prebentzio eta arretarako, jai seguru eta indarkeriarik gabekoak sustatzeko helburuarekin.
Espazio honetan informazioa, laguntza eta sexu edota generoaren araberako erasoen aurrean jarduteko protokoloa jasotzen duten materialak eskainiko dira, LGTBIfobiagatik egindakoak barne.
“Erasorik gabeko jaiak nahi ditugu, eta horretarako funtsezkoa da prebentzioa, informazioa eta laguntza behar duenaren ondoan egotea”, adierazi du Gloria Vázquez (PSE-EE) Berdintasun zinegotziak.
Sumisio kimikoaren aurkako eskumuturrekoak
Lehen aldiz, Puntu Morean 500 eskumuturreko banatuko dira, edarietan drogen detekziorako bi test eta segurtasun QR kode bat dituztenak. QR honek 112ra deitzeko aukera ematen du, geolokalizazioa aktibatzeko eta senide edo lagunekin partekatzeko, baita testaren emaitzak interpretatzeko eta eskumuturrekoa behar bezala erabiltzeko argibideak kontsultatzeko ere.
Testak erabilera bakarrekoak dira, eta gomendatzen da susmoa dagoenean soilik erabiltzea; QR kodea, aldiz, mugarik gabe erabili ahal izango da.
Berdintasun zinegotziak, Gloria Vázquezek, azpimarratu du “autobabeserako tresna bat dela, baina garrantzitsuena berdintasunean heztea dela, beharrezkoa izan ez dadin”.
Konpromisoa eta sentsibilizazioa
Berdintasun Sailetik azpimarratu da garrantzitsua dela prebentzioa eta sentsibilizazioa eraso matxistak desagerrarazteko, zoritxarrez oraindik ere jai giroetan gertatzen baitira. Emakumeei autobabes tresnak emateaz gain, berdintasunean hezteko deia egiten da, eta emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten duten gizonek jarrera aktiboa izan dezaten portaera matxisten aurrean.
“Gizon gehienek eraso hauek gaitzesten dituzte; behar dugu matxismoaren aurka lehenak izan daitezen ahotsa altxatzen”, gehitu du zinegotziak.
Puntu Moreko langileek beharrezko prestakuntza izango dute informazioa emateko eta behar bezala artatzeko eraso bat gertatuz gero. Herritarrak gonbidatuta daude bertara hurbiltzera informazioa jasotzeko, sentsibilizazio ekintzetan parte hartzeko eta konpromisoa ikusarazteko, photocall-ean argazkiak atera eta sare sozialetan partekatuz.
